Hamaika zauritu Jundiz parean izandako istripuan

Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 23:30
14:00ak aldera gertatu da istripua. ALEA

Bi kamioik, militarren autobus batek eta sei autok elkarren kontra jo dute A-1 errepidean. Autobia arratsalde osoan zehar moztuta egon da Irungo noranzkoan, 23:30ean bidea erabat garbitu eta errei guztiak berrireki dituzten arte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, astelehen honetako 14:00ak inguruan gertatu da istripua. Trailer batek, ibilgailuak garraiatzeko kamioi batek, militarrak garraiatzeko autobus batek eta gutxienez sei autok elkarren kontra jo dute A-1ean, Jundiz parean, Irungo noranzkoan.

Ondorioz, errepidea erabat itxi behar izan dute, eta N-102 bidetik desbideratu dute, Ruta de Europa hotela igaro ondoren, Ariñez herriruntz. Hala ere, hainbat kilometroko auto-ilara luzeak izan dira arratsalde osoan zehar, eta istripu gehiago jazo dira bertan. 23:30ean, Segurtasun Sailak jakinarazi du errepidea garbitu ostean errei guztiak zabalik daudela berriz ere.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu du hamaika lagun gutxienez zauritu direla istripuan, eta bakarren bat larri egon daitekeela ere adierazi du. Bertan izan dira larrialdi zerbitzuak: bost anbulantzia, suhiltzaileen hiru kamioi, Ertzaintzaren hainbat patruila eta tamaina handiko ibilgailuak mugitzeko garabi bat, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide