Kanpaldia kale gorrian, etxebizitza eskubidearen alde

Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 17:00

Ostiraletik larunbaterako gauean, gizarte larrialdietarako zerbitzuen baliabide falta salatzeko kanpaldia antolatu zuen Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak, Gasteizko Plaza Berrian. Urriaren 3rako beste batzar ireki bat antolatuko dute.

Larunbat goizean, Etxebizitzaren aldeko eta Bazterkeria Sozialaren kontrako Ekimenak prentsaurreko batekin eman zion amaiera aurreko eguneko iluntzean abiatutako ekintzari. Izan ere, ostiraleko 20:30etik aurrera, Gasteizko Plaza Berrian, udaletxearen aurrean, "gizarte larrialdietako udal zerbitzuen eskasia eta etxerik gabeko pertsonek bizi duten egoera" salatzeko kanpaldia antolatu zuten.

Perkuneskak perkusio talde feministaren eta Sol bakarlariaren emanaldiek hasiera eman zioten protestari. Segituan, hainbat gizarte eragilek eta ehun lagun inguruk batzar batean parte hartu zuten. Afari autogestionatu batean ostean, 30 pertsona inguru bildu ziren kanpaldian, plazan bertan lo egiteko.

Batzarrean parte hartu zutenek, besteak beste, dinamika asanbleariorekin jarraitzea erabaki zuten. Hurrengo batzar irekia urriaren 3an izango da, 17:30ean Martxoak 3 Elkartearen egoitzan, Zaramaga auzoko M3moria Gunean.

"Etxebizitza duina guztiontzat"

"Udalak ez du hitzetatik ekintzetara pasatzeko borondate politikorik", salatu zuten goizeko agerraldian, batzarrean ateratako kezkak eta ondorioak plazaratuz; hainbat pertsonak beren lekukotzak eta egoerak azaldu baitzituzten. "Gure hirian bizi den gizarte bazterketako egoera larriaren aurrean, Gorka Urtaranen udal gobernuaren erantzunik eza behin eta berriz errepikatu da, eta pertsonen oinarrizko eskubideak ez dira errespetatzen. Txiroak hiritik irtetea bultzatzen da, beste herri batzuetara joateko autobus txartelak ordainduz edo larrialdi zerbitzuetara eskatzera joaten direnei aterpea edo janaria ukatuz".

"Ez ditugu ahaztu azken urteetan gertatutako hainbat egoera, etxerik gabeko pertsonek lo egiten zuten tokietatik botatzeko asmoarekin. Ez dugu ahaztuko aurten Arriagako ermitan edo Kontserbatorioan hesiak jarri zituztela, etxerik gabeko pertsonak hotzetik babestu ez zitezen. Praktika horiek, zalantzarik gabe, tratu txar instituzionalak dira, eta hemendik esaten dugu nahikoa dela, aurten mobilizazio ziklo bizia izango dela, eta ez garela isilduko injustizien aurrean", gaineratu zuten.

Inor Ez Etxerik Gabe ekimenaren ustez, "onartezina da gizarte mugimenduek urteetan zehar egoera salatu duten arren, ezer aldatu ez izana, eta bai prekarietatea bai baliabide falta betikotzea".

"Gizarte kapitalista honetan, etxebizitza negozio bihurtu da, eta espekulatzaileak biztanleriaren gehiengoaren kontura aberasten dira. Badirudi etxebizitza bat lortzeko modu bakarra gure bizitzak hipotekatzea dela, eta ez gaude horretarako prest. Etxebizitza duina guztiontzat", salatu zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide