Irudika ilustrazioaren jaialdiaren seigarren edizioa abiatuko da ostegunean

Erredakzioa 2022ko irailaren 26a

Goizean aurkeztu dute Irudika jaialdia. AFA

Ilustrazioaren nazioarteko topaketaren seigarren edizioa izango da Gasteizko Artium museoan, irailaren 29tik urriaren 1era, eta AEB, Txekiar Errepublika eta Libano izango ditu herrialde gonbidatuak.

Hamarnaka proiekturen inguruko mahai-inguruak, topaketa profesionalak eta lantegiak izango dira ostegunetik larunbatera bitartean, Gasteizko Artium museoan, AEB, Txekiar Errepublika, Libano, Brasil, Mexiko, Uruguai, Txile eta Italiako agenteekin. Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren seigarren edizioan hamar herrialdetako ilustrazio arloko 37 profesional, argitaletxe eta agente bilduko dira. Halaber, egitarauan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi artista eta agente izango dira.

Lau ekintza-lerro ditu jaialdiak. Hitzaldiak eskainiko dira lan bat elkarrekin editatu duten edo beren proiektuen gaiek zerikusia duten ilustratzaile eta argitaletxeekin; hitzordu profesionalak egingo dira argitaletxeen eta bertaratutako ilustratzaileen artean; eta hiru lantegi sorpresa izango dira. Halaber, sorkuntzari laguntzeko, Irudika jaialdiaren barruan, ilustrazio eta animazio lehiaketa bi antolatuko dira. Sarituek egonaldi artistiko bana irabaziko dute Gasteizen, Bilbaoarten eta La Maison des Auteurs d’Angoulême-n, eta baita ere –aurtengo nobedadea– Mexikoko Guadalajara eta Zapopan hirietan.

Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen du Irudika jaialdia, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioa, Artium Museoa eta beste hainbat erakunde laguntzaile dituela. Bestalde, Irudika egonaldiek honako erakunde hauen laguntza dute: Vital Fundazioa, Accion Cultural Española, Bilbaoarte Fundazioa, La Maison des Auteurs d’Angoulême, Guadalajarako Udala (Mexiko) eta Zapopan hiriko (Mexiko) La Casa del Autor.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago