Datozen hilabeteetan, Izaskun Arrue Kulturunea izenarekin, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxearen egitasmoa hartuko du Ruiz de Bergaratarren Jauregiak. Proiektua martxan jartzeko data zehaztugabearen atarian, EH Bilduk beste talde politikoekin batera jauregira bisita egitea eskatu dio Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziari. Obrak azken fasean daude dagoeneko, eta EH Bilduk bertatik bertara obren egoera eta prozesua ezagutu nahi du.
Xabier Ruiz de Larramendi zinegotziak azpimarratu duenez, "garrantzia handia duen hiri proiektua da, Gasteizko mugimendu euskaltzalearen ahaleginaren eta bultzadaren emaitza dena, eta gure hizkuntza sustatzeko eta babesteko gune bat sortzea helburu duena". Gainera, hizkuntzaren arloan ematen diren "inboluzio mehatxu anitzen" aurrean, "euskara eta honen normalizazioa aldarrikatzeko unea" dela aldarrikatu du Ruiz de Larramendik.
Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du "helburua ez dela soilik espazio fisiko bat inauguratzea". Izan ere, gure hirian "benetako mugarria" izatea eta "erakundeen inplikazioarekin eta beharrezko baliabideekin batera joatea" eskatu du. Ruiz de Larramendiren ustez, horrela "Gasteizen euskarak behar duen jauzi kualitatiboa emateko oinarriak jarriko lirateke".