Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berria dator

Erredakzioa 2022ko ira. 22a, 17:00
Mireia Espiau Berdintasun zerbitzuburua eta Miren Fernandez de Landa zinegotzia. / ALEA

Datorren astean, irailaren 28an, errealitate eta identitate guztiak agerian uzteko erronkarekin abiatuko da Jabetze Feministarako Eskolaren ikasturte berria.

Jabetze Feministarako Eskolaren XII. edizioak datorren astean ekingo dio ikasturte berriari, "errealitate eta identitate guztiak bistaratzeko" helburuarekin eta planteamendu "ireki, hurbileko, irisgarri eta anitzarekin". Aurtengo programazioarekin aurrerapausoak egiten jarraitu nahi du Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak, hiriko kolektiboen proposamenekin batera.

Hainbat gai jorratuko dira ikasturtean zehar, irailetik maiatzera bitartean: besteak beste, kulturartekotasuna, sexu eta genero aniztasuna, zaintzaren ekonomia, indarkeria matxistak, hezkidetza, emakumeen zahartzea, feminismo disidenteak, dibertsitate funtzionala edota krisi ekologikoaren aurkako mugaz gaindiko mugimendu feministen borrokak; hori guztia, beti bezala, ikuspegi feminista intersekzional batetik.

Bestalde, eskolako publikorik gazteenarentzako #FeminismoanItzel programazioa egongo da, ginkana feminista, ipuin tailerrak, capoeira, autodefentsa feminista, antzerkia eta inprobisazioarekin.

"Eskola nabarmendu eta balioetsi nahi dugu, Emakumeen Etxearen prestakuntza proiektu gisa, ahalduntze feministarako sortutako baliabide, zerbitzu, prozesu edo topaguneetatik babesten eta elikatzen baita", nabarmendu dute Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak.

Lehiaketa

Ohiko egitarauarekin batera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Masterrekin elkarlanean, EHUko Berdintasun Eragileek hirugarren urtez jarri dute martxan Ikerketa Feministako Lanen Lehiaketa, Eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko.

Lehen aldiz, lehiaketak ikerketa lanean laguntzea aurreikusi du, arlo akademikoan edo ikerkuntzan profesionalki aritzen ez diren pertsonek ekimenean parte hartu ahal izan dezaten. Ikerketa lanen proposamenak 2022ko urriaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira. Bi proposamen aukeratuko dira, eta bakoitzari 4.800 euro emango zaizkio.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide