Gizon bat ikertzen ari dira bere bi alaba adingabeak bortxatzeagatik

Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 19:30
Ustezko erasotzailea aske gelditu da, ikerketarekin jarraitu bitartean. / Argazkia: BASOTXERRI

Gasteizko Udaltzaingoa eta epaitegiak gizon bat ikertzen ari dira, bere bi alaba adingabeak hainbat urtez bortxatzea leporatuta. Ostiralean gizonezkoa atxilotu zuten; etxea miatzean, ustez erasoak gertatzen ziren gela txiki bat aurkitu zuten.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Gasteizko Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegia eta Udaltzaingoa gizon bat ikertzen ari dira, bere bi alaba adingabeei sexu erasoak egitea egotzita. Antza denez, erasoak sistematikoak ziren eta hainbat urtez luzatu ziren; ustez, duela lau urte eten ziren arte.

Erasotzailearen bikotekide ohi eta biktimen amak joan den astean jarri zuen salaketa, babesa eskatuz Agirrelandako polizia-etxera bertaratu zenean. Bere testigantzaren larritasunak alarma piztu zuen Udaltzaingoan, eta berehala abiatu zituzten izapideak eta ikerketa.

Amaren deklarazioaren arabera, eraso guztiak familiaren etxean gertatu ziren, lekukorik gabe, zazpi bat urtez, eta, batzuetan, horretarako pladurrez egindako gela txiki bat erabiliz. Udaltzaingoak gizonezkoa atxilotu zuen ostiralean; etxebizitza miatzean, biktimen amak aipatutako gela hori aurkitu zuten: pladurrez egindako gela txiki bat zen, hiru metro koadrokoa eta barruko sarraila batekin.

Ikerketak irauten duen bitartean, epaitegiak urruntze agindua ezarri dio ustezko erasotzaileari. Oraingoz aske gelditu da, baina aldian-aldian Justizia Jauregira bertaratu beharko da.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide