Zoria: aurtengo Gazte Klik Klak lehiaketaren abiapuntua

Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 13:45
Lanak irailaren 19tik urriaren 23ra bitartean aurkeztu beharko dira. / Argazkia: PIXABAY

Martxan da Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitaleko lehiaketa, eta 14 eta 25 urte bitarteko gazteek urriaren 23ra arteko epea dute beren lanak bidaltzeko. Saridunek erakusketa bat eta 300 euroko opari-bonua irabaziko dute.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketa 14. ediziora iritsi da. Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten duten 14 eta 25 urte bitarteko gazteek parte har dezakete argazki eta bideo digitaleko lehiaketan.

Lehiaketarako abiapuntua "zoria" hitza izango da aurten, eta helburua hiria argazkitan jasotzea. "Hiria da hainbat kasualitate gertatzen diren lekua: intuizioa, inspirazioa eta zoria bilatzeko eta garatzeko esparrua", azaldu dute antolatzaileek. Gai iradokitzaile eta misteriotsu horren bidez, gazteek ustekabearekin topo egitea da helburua, baita akatsarekin ere, teknika kontrolatuen ikuspegia eta kamera bera askatuz.

Interesdunek irailaren 19tik urriaren 23ra bitartean (biak barne) aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak; CD edo DVD euskarrian Gazte Informaziorako Udal Bulegoan (GIUB), edo digitalki gazteklikklak@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

Abenduan, erakusketa kolektibo bat egingo da hautatutako proiektuekin. Horrez gain, lehiaketaren irabazleek argazkilaritza eta bideo digitalaren inguruko prestakuntza programa batean parte hartuko dute (tutoretzapean), baita argazkien eta bideoen sorkuntza eta erakusketa prozesu oso batean ere (Tetrapack), 2023ko bigarren hiruhilekoan. Era berean, 300 euroko opari-bonua irabaziko dute, bertako saltokietan argazki eta bideo materiala erosteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide