Quiron ospitaleko langileek grebara joko dute irailaren 27tik 29ra

Erredakzioa 2022ko irailaren 16a

Quiron ospitaleko langileen mobilizazio bat, 2019an. / Argazkia: ELA

Irailaren 27an, 28an eta 29an egingo dute greba, negoziatzen ari diren hitzarmen berriak KPIren araberako soldata igoera jaso dezan exijitzeko.

Gasteizko Esperantza kaleko Quiron Salud ospitaleko langile batzordeak —ELA sindikatuak ordezkatuta— hiru greba egun deitu ditu iraila amaieran, hilaren 27an, 28an eta 29an. Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatu dute; apirilean hasi ziren elkarrizketak, eta enpresa batzordeak langile guztien KPIa bermatzea ezarri zuen gutxieneko baldintza gisa.

"Hitzarmen kolektiboak baldintza zaharkitu asko ditu, eta ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna bultzatzen ditu. Hala ere, nahiz eta Quiron taldeak 2020an 2.000 milioi euro inguru fakturatu, ez dago prest KPIri lotutako soldata igoera onartzeko", salatu du ELAk.

Horrez gain, plantillak "behin-behinekotasuna eta ezegonkortasuna, soldata txikiak, txandaka lan egiteagatik plusik ez, gaueko lanagatik eta jaiegunengatik plus barregarriak, gehiegizko lanaldia eta abar" jasaten dituela kritikatu du sindikatuak. Ondorioz, langileek kalera ateratzea erabaki dute, "bere lana aitortu dezaten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago