Etxebizitza eskubidearen aldeko loaldia: "Kale gorria ez da bizitzeko ez hiltzeko lekua"

Erredakzioa 2022ko ira. 15a, 18:30
Inor Ez Etxerik Gabe ekimenaren prentsaurrekoa. / Argazkia: HALA BEDI

Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak gizarte larrialdietarako zerbitzuen baliabide falta salatzeko loaldia antolatuko du Gasteizko Plaza Berrian, irailaren 23ko gauetik 24ko goizera.

Gasteizko Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzaren aurrean bilduta, Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak iragarri du irailaren 23an, ostiraletik larunbaterako gauean, etxebizitza eskubidearen aldeko loaldia antolatuko duela Plaza Berrian. 20:30ean hasiko da ekimena, asanblada batekin, eta hurrengo goizean amaituko da, prentsaurrekora batekin.

Ostiral gaueko asanbladan, gazteriaren emantzipazioa, pertsona arrazializatuen gizarte bazterkeria, oinarrizko hornidura, Udalaren errekurtso falta, auzoetako gentrifikazioa eta bizitzaren garestitzea izango dituzte hizpide. Parte hartzera eta lo-zakua eta esterilla eramatera gonbidatu dute herritar oro, "etxebizitza guztiontzat" dela aldarrikatzeko.

Zerbitzuaren egoera ez ezik, "kale gorrian bizitzera behartuta ikusten diren pertsonen" egoera salatu dute: "Onartezina da, Gasteizko herri mugimenduek behin eta berriz salatu dugun arren, zerbitzu honen prekarietateak eta errekurtso faltak berdin jarraitzea. Onartezina da, urteak pasa diren arren, Inor Ez Etxerik Gabe plataformak egoera honen berri eman genuenetik, ezer ez aldatzea; eta hori ez da diru faltagatik, baizik eta borondate politiko faltagatik", kritikatu dute.

"Kale gorria ez da aukera bat, baina, Udalak aurrera eramaten dituen politikengatik, badirudi Urtaran jaunak pertsonak kalean bizitzearen aldekoa dela", deitoratu dute. Besteak beste, Olarizun iaz gauzatutako etxegabetzeak edota Gasteizko Kontserbatorioan zein beste hainbat elizatan jarritako harresiak aipatu dituzte: "Kale gorria ez da bizitzeko ez hiltzeko lekua".

"Etxebizitzak gure beharrak asetzen dituen, aterpea eta segurtasuna ematen digun ondasuna izan beharko luke, baina gizarte kapitalista honek dirua egiteko ondasun bilakatu du. Gainera, etxebizitzarik ez edukitzeak bizi baldintzen okertzea dakar, eta, horrekin batera, gizarte bazterkeria", azpimarratu dute. "Ustezko ongizate estatu honetan bizi garen heinean, ezin dira ulertu Udalak aurrera eramaten dituen politikak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide