Hasi dira Zaramagako jaiak, musika eta adin guztientzako jarduerekin

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 13:00
Apolo G's auzoko rap taldea arituko da larunbatean. / NEREA GARCES (@nngam_photo)

Irailaren 13tik 18ra, nagusi, heldu, gazte eta umeentzako jarduerak izango dira Zaramagako jaietan. Eta asteburuan, Munduko Arrozak ekimenaz gain, Apolo G's, Begitruk, Outgravity, DJ Rosa Mari, Papatrauma eta Azken Erromantikoak Laudio plazako txosnagunean.

Oporrak amaitu, udaren amaiera hurbildu eta ikasturtea hasi da azken egunetan, baina Gasteizko auzoetako jaiei zenbait hitzordu geratzen zaizkie oraindik. Horietako bat Zaramagako jaiak izango dira, atzotik igandera bitartean.

Aurtengo nobedade nagusia txosnagunearen kokapen aldaketa izango da: ez da orain arte bezala Iparralde gizarte etxearen aurrean egongo, baizik eta Laudio plazan, Belengo Andre Mariaren parrokiaren, Zaramagako futbol zelaiaren eta Koldo Mitxelena ikastetxearen parean. Bertan izango da asteburuko festa handia: ostiralean, 21:30etik aurrera, Apolo G's, Begitruk eta Outgravity taldeen kontzertuekin; eta larunbatean, 12:00etatik aurrera Munduko Arrozak nazioarteko ekimen gastronomikoarekin, eta 21:30etik aurrera DJ Rosa Mari, Papatrauma eta Azken Erromantikoak DJen eskutik antolatutako pintxada gauarekin.

Baina aurretik, aste osoan zehar, adin guztietako auzokideentzako jarduerak izango dira, Laudio plazan zein auzoko beste toki batzuetan. Gainera, haurrentzako Txikien Egitarau berezia prestatu du jai batzordeak: saskibaloi txapelketa, argazkigintza tailerra, tako eta pilota tailerra, Arts & Crafts tailerra, aurpegia margotzeko tailerra eta ipuin kontalariak izango dira.

Memoriarako hitzorduak

Jai batzordearen ohiko programazioarekin batera, memoria historikoa eta Martxoaren 3aren oroimena ardatz izango duten ekimenak ere presente egongo dira Zaramagako jaietan. Asteartean, David Ballesterren Las otras víctimas. La violencia policial durante la transición (1975-1982) liburua aurkeztu zuten M3moria Gunean. Ostegunean, berriz, Plazak plazara ekimenaren aurkezpena hartuko du Martxoak 3 plazak, 18:30ean. Gasteizko memoria eta herri ondarea lantzen duen ikus-entzunezko ekimena MICE, Ane Gebara eta Hala Bideoren arteko elkarlanaren emaitza da.

EGITARAUA

Programazio osoa


Kontzertuak


Umeentzako jarduerak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide