Quincocesen lanarekin hasiko dute denboraldia Zas-en

Erredakzioa 2022ko ira. 14a, 14:22
Irailaren 15ean aurkeztuko dute erakusketa, 19:30ean. / Quincoces

Hainbat diziplina artistikotako hizkuntzak konbinatzen dituen erakusketa da 'Appendix'

Zas-ek ikasturte berria hasiko du bihar, hilak 15, Anabel Quincoces artista gasteiztarraren Appendix erakusketarekin. Bakarkako erakusketa bat da, argitaratu gabeko lanekin, Gasteizko erdiguneko San Anton plazan dagoen kultur gune alternatibo honetako ohiko ordutegietan bisitatu ahal izango dena.

Oraingo honetan, sortzaileak esku-hartze esperimental bat aurkeztuko du. "Appendix Zas Kultur espazioan eta espaziorako egindako praxia da, hainbat diziplina artistikotako hizkuntzak konbinatzen dituena. Nire obra sortzeko erabili ohi ditudan lengoaiekin: argazkia, marrazkia, pintura, eskultura, ekintzak, esku-hartzeak, soinua, argia, obra grafikoa. Oraingo honetan, guztiek elkarren artean eragiten dute, eta nire ibilbide artistiko pertsonalaren hainbat etaparekin lotutako hainbat erreferente kontzeptual eta plastiko konbinatzen dira", azaldu du artistak.

Ibilbide profesionalean zehar Anabel Quincocesek (Gasteiz, 1968) gizakiak naturarekin duen harreman zuzena ikertu eta irudikatu du. Bere Hydra-resilencia obra, esate baterako  –duela gutxi saritu zuten Arte Vital 2022 lehiaketan –, non beira puztuz egindako bere eskultura-lanaren beste adibide bat erakusten zigun, bere azken proiektu gehienetan oso presente dagoen teknika bat. Edota uretako atmosfera etereoetan murgiltzera gonbidatzen gintuen instalazioetan bezala: Onacel. El bosque de la sirena, 2017an Zuloa espazioan egin zena, eta Gasteizko ur-biltegi zaharrean egin zituen bi esku-hartze handiak (11-Abisal Spaces transmutazioa, 2018an eta duela gutxi Hidra).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide