Martxan da Gauekoak programaren udazken-neguko denboraldia

Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 12:00
Gauekoak programaren udazken-neguko denboraldiaren aurkezpena. / Argazkia: GAUEKOAK

Irailetik abendura, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako 27 jarduera eskainiko ditu Gauekoak programak, musika, kirola, abentura, sormena eta aisialdia ardatz. Hilaren 23an Xperimental Fest jaialdiarekin ekingo diote denboraldiari.

Ikasturte berriarekin batera, bueltan da Gauekoak, 16 eta 30 urte bitarteko gazte gasteiztarrentzako aisialdi alternatiboa, hezitzailea eta osasungarria eskaintzea helburu duen udal programa.

Udazken-neguko denboraldia dator, eta horren barruan 27 jarduera eskainiko dituzte, irailetik abendura arte. Kultur eta kirol arloko jarduerak izango dira nagusi, eta sormena, euskararen erabilera, emakumeen ikusgarritasuna, irisgarritasunaren eta inklusioaren sustapena zein herritarren parte hartzea bultzatzea izango dute xede.

Denboraldiaren hasiera rock psikodelikoa oinarri duen Xperimental Fest jaialdiarekin iritsiko da irailaren 23an, ostiralean, Jimmy Jazz aretoan; bertan arituko dira Entropia, Wet Cactus, Cachemira eta Moundrag taldeak. Asteburu horretako larunbatean, berriz, Hiriko Game Changers jardunaldiaren txanda izango da, Santa Luziako Skate Parkean.

Ondoren, abendura bitartean, askotariko kontzertuak, kirol zein abentura jarduerak, tailerrak eta bestelako hitzordu asko izango dira: besteak beste, Euskarazko Irakurle Taldea, akroyoga, lindy hop, argazkilaritza, escape room bat, rap freestyle liga, La Lezeren jaitsiera, piraguismoa, azaleztapena, collage analogikoa, gorputz adierazpena, pintura, zinema eta antzerkirako makillajea eta FX karakterizazioa, zeramika, sexualitatea, Voluptatem zirku ikuskizuna...

Hiriko eragileekin elkarlanean, beste hainbat ekimen eramango dituzte aurrera: adibidez, ALEArekin batera antolatutako Oporklik! argazki-hizki lehiaketa eta erakusketa; edo III. Hizki Laburren Lehiaketa, Lazarraga Kultur Elkartearekin batera.

Irisgarritasunari bultzada

"Kolektibo guztien eta barne hartzen dituzten pertsona ororen parte hartzea bermatu eta bultzatzeko" asmoz, denboraldi honetan irisgarritasunari dagokionez aurrerapausoak egin nahi izan dute. "Hausnarketa baten ondoren ohartu gara hutsune bat dagoela, eta ez genuela gazte guztiek programazioetan eroso parte hartzeko aukerarik errazten", azaldu dute. Horregatik, behar izanez gero, laguntza eskatu ahal izango da jarduerak gauzatzeko, desgaitasun egoeran dauden pertsonek aisialdiaz gainerako pertsonen baldintza berdinetan gozatu ahal izateko.

Izen-emateak

Programazioaren erdia baino gehiago euskaraz izango da (kontsultatu Euskararen Agenda), eta jarduera guztiak doakoak dira; hala ere, horietako batzuetan beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Gauekoak programaren webgunearen bitartez, 010 edo 945 16 11 00 telefono zenbakietara deituz, edo Gazteen Informaziorako Bulegoan. Gasteizko Udalaren webguneko atal berezian, jarduera guztien zerrenda eta horien inguruko informazio guztia daude ikusgai.

Jardueren zerrenda

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide