Irailaren 23an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan Gasteiz Xperimental Fest jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da. Rock psikodelikoa ardatz duen ekitaldi hau 2019an sortu zen bi musikari gazteren bultzadari esker. Oraingo honetan, Euskal Herriko, estatu mailako bai eta talde internazionalak izango ditugu gurean.
Entropia 2014ko uda amaieran Gasteizen jaiotako taldea da. Rock alternatiboaren oinarritik abiatzen da bere musika, psikodelia eta rock espazialaren eragin oso argiekin. Jon Bellido (teklatuak eta ahotsa), Roberto Nieves (gitarra), Lasto (baxua) eta Andoni Penelak (bateria) osatzen dute. Gaur egun, bigarren albumaren merkaturatzea prestatzen ari dira.
Black Sabbath, Yawning Man, Masters of Reality edo Kyuss bezalako bandetatik datozen soinu trinko, korapilatsu eta psikodelikoengatik bereizten da Wet Cactus. Bi lan, 2015eko Wet Cactus homonimoa eta 2018ko Dust, Hunger & Gloom fantastikoa dira bere aurkezpen gutuna. Stoner rock ortodoxoa, baina generoko tara askotatik ihes egiten duena.
70eko hamarkadako hard bluesaren eraginetik edaten du Cachemira taldeak, fuzz eta wah wah pedalek sortzen dituzten soinuekin konbinatuta, dena jam band espirituarekin eta space rock banden berezko psikodeliarekin ondo lotuta.
Moundrag hard progressive heavy psych talde bat da, Rennes-en sortua Camille eta Colin Goallen anaien eskutik 2018an. Soft Machine edo The Nice bezalako taldeak gogoratuz, bere musikak sustrai sendoak ditu 60ko hamarkadaren amaierako hard rock eta rock progresiboaren sorreran. Perkusio setarekin (kide baino gong gehiagorekin), energiaz beteriko ahotsekin eta teklatu amorratuekin, beren ikuskizunetan erakusten dute ez dela gitarra elektrikorik behar inprobisazioa protagonista duen ikuskizun boteretsu bat emateko.
Informazio gehiago: Gauekoak
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.