Udako geldialdiaren ostean bueltan da Orbain, dokumental eta kontzertuekin

Erredakzioa 2022ko ira. 8a, 18:00
Besteak beste, The Brontës taldea arituko da Orbainen irailean. / Argazkia: THE BRONTËS

Orbain Kultur Elkarteak Doku-Mental zikloarekin jarraituko du asteartero. Gainera, Dead People, Ganzua, The Brontës, Motto, Guillotina Punk Rock eta Radiofobia taldeen kontzertuak izango dira irailean zehar.

Udako etenaldiaren ostean, punk rock kultura lau haizetara zabaltzeari berrekin dio Orbain Kultur Elkarteak. Eta horretarako ikus-entzunezkoak eta musika izango ditu ardatz irailean zehar: alde batetik, Doku-Mental zikloaren barruan, berriz ere ikus-entzunezkoen asteroko proiekzioei ekin dio aste honetan; bestalde, ostiral honetatik aurrera, astebururo zuzeneko kontzertuak itzuliko dira Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalera.

Dokumental, film edo bestelako ikus-entzunezkoen proiekzioak maiatzean hasi ziren Orbainen, eta orduz geroztik asteroko hitzorduei eutsi die kultur elkarteak. Betiere punk rockarekin, kontrakulturarekin edota gai sozialekin lotutako lanak ikusi ahal izango dira hitzordu honetan, eta, gainera, horietako askorekin batera, hitzaldiak eta solasaldiak eskainiko dituzte ikus-entzunezko horietako protagonisten eskutik. Are gehiago, elkarlanerako eta jarduera bateratuak antolatzeko deia luzatu du Orbainek, bertan zerbait antolatu nahi duten eragileei.

Punka, errepresioa eta okupazioa

Irailean zehar lau ikus-entzunezko lan eskainiko dituzte zikloaren barruan. Lehenengo proiekzioa asteartean izan bazen ere, honako hau izango da egitarau osoa:

  • Irailak 6, asteartea, 19:00etan: Who Killed Nancy? dokumentala (Alan G. Parker, 2009).
  • Irailak 13, asteartea, 19:00etan: Represión: un arma de doble filo dokumentala (Alejandro García & Quique Navarro, 2015). Ondoren, Alejandro Garcia zuzendariarekin solasaldia.
  • Irailak 20, asteartea, 19:00etan: Okupas eta Errekaleor Bizirik. Jornada de puertas abiertas. Ondoren, Linus Finke Errekaleor Bizirik-eko kidearekin solasaldia.

Sei kontzertu

Horrez gain, pixkanaka kontzertuak itzultzen joango dira Orbainera, eta, datozen asteetan gehiago iragarriko dituzten arren, oraingoz sei talderen kontzertuak baieztatu dituzte:

  • Irailak 9, ostirala, 19:00etan: Dead People, Bartzelonako punk taldea, Mordazas, Miseria y kompañia, Subterranean Kids eta Bite The Hand taldeetako kideek osatua; eta Ganzua, Gasteizko crossover-punk taldea.
  • Irailak 10, larunbata, 19:30ean: The Brontës, Gasteizen 1995ean sortutako pop-rock hirukotea; eta Motto, garage, punk, soul eta rock'n'roll soinuak uztartzen dituen talde gasteiztarra.
  • Irailak 17, larunbata, 19:00etan: Gillotina Punk Rock, Madrilgo taldea, Blokeo eta Carta Baladiko kideek osatua; eta Radiofobia, punk rock alternatiboan aritzen den Gasteizko banda.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide