Bi urteko ikerketaren ostean, Gasteizko Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegiko magistratuak artxibatu egin ditu Apasos elkartearen zuzendaritzak Animalien Babeserako Zentroko hiru udal langileren aurka jarritako salaketak. Epailearen ustez, ez dago zantzurik pentsatzeko hiru langile publiko horiek sexu abusuak edo sexu jazarpena ikusi edo ezagutzen zituztela, R.R.T. udal langile ohiak egindako ustezko erasoen harira.
Hortaz, epaitegiak ondorioztatu du ezin zaiela leporatu "delituak eragozteko edo ikerketa sustatzeko eginbeharra ez betetzearen deliturik", ezta "derrigortze deliturik" ere. Era berean, epaitegiak artxibatu egin ditu delitu horiengatik Apasoseko aurreko zuzendaritzako beste bi kideren kontrako salaketak.
"Pozten gara ikerketako bi urte hauetan hiru udal langileen errugabetasun presuntzioa mantendu dugulako", aldarrikatu du Iñaki Gurtubai zinegotziak, ebazpen judiziala aztertu ostean zabaldutako ohar batean. "Ebazpen judizial honek baieztatzen du zuzen jokatu zutela eta Apasosek jarritako salaketak ez ziola errealitateari erantzuten. Era berean, nik uste dut Udalak behar bezala jokatu zuela txakurtegiko zerbitzutik berehala kendu zuten udal langile ohi baten aurkako ustezko sexu abusuen salaketaren berri izan zuenean; hilabete geroago jada ez zen lanean ari. Beste inork baino lehen, erakunde horrek eman zion Fiskaltzari ustezko sexu-abusu horien berri".
Gaur egun, R.R.T.-ren aurkako ikerketa zabalik dago, Apasos elkarteko lau boluntarioren aurkako sexu abusu eta jazarpen delituengatik eta beste bi boluntarioren aurkako behartze arinarengatik; horrekin jarraitzea agindu du epaileak. "Prozedura judizialean frogatzen bada langile ohi horrek ikertzen ari diren delituak egin zituela, justiziaren pisu guztia haren gainean erortzea nahi genuke", gaineratu du zinegotziak.