Gasteizko bizilagun bat hil da Errioxan, lapurtutako auto batean

Erredakzioa 2022ko irailaren 5a

Artxiboko irudi bat. / PIXABAY

Larunbatean, 30 urteko gizonezkoak kotxe bat lapurtu zuen Badaran herrian, eta LR-205 eta LR-206 errepideen arteko lotunean, Berceon, izandako istripuan hil egin zen.

Larunbat goizaldean, Gasteizko 30 urteko gazte bat errepidetik atera eta hil egin zen Berceo udalerrian (Errioxa), LR-205 eta LR-206 errepideen elkargunean. Larrialdi Zerbitzuek 07:45 aldera eman zuten ezbeharraren berri; lekukoen arabera, autoa bidetik atera eta 43 bat metro egin zituen hegan.

Kilometro batzuk lehenago, Badaranen, ibilgailua lapurtu zuen. Antza denez, ibilgailuaren jabearen jabetzakoa den Conde de Badaran hoteleko kamerek lapurretaren unea grabatu zuten 05:42an.

Gidaria bakarrik zihoan autoan. Larrialdi Zerbitzuak eta Santo Domingoko Trafiko agenteak bertaratu zirenerako, Gasteizko bizilaguna hilda zegoen jada.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago