Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera, Europako Hiriburu Berdearen izendapenaren X. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu irailean eta urrian zehar. Besteak beste, proposamen teknikoak, profesionalen topaketak eta hitzordu ludikoak izango dira egitarauaren barruan, Espainiako estatuko Green Capital bakarraren etorkizuneko estrategia partekatzeko asmoz.
"Erronka Gasteizko ingurumen politikek izan duten arrakasta arlo sozialera zabaltzea da, gure ongizaterako, eta, batez ere, arlo ekonomikora, ekonomia berdea sustatzeko", azaldu du Gorka Urtaran alkateak, Gasteiz nazioarteko eredu izaten jarraitzea ospatuz. "Hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio hori Europako superhirietan, oinarritzen den hiri ereduarekin egiten dugu. Superhiriak dira ondo konektatuta daudenak, zerbitzu publiko onak dituztenak eta ingurumenaren eta lehiakortasun ekonomikoaren arloan nabarmentzeko gai direnak".
Bere aldetik, Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du "Euskadiko hiriburuak Itun Berdean duen lidergoa". Halaber, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "hamarkada honetan ingurumenaren kontzientziazioan egindako urratsak eta aurrerapenak" azpimarratu ditu, NBEren 2030erako Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraituz.

Hiri makerrak
Urteurren berezi honetako egitarau bereziaren lehen hitzordua irailaren 14an izango da. Herritarren dialogoak ekimenaren barruan, bi astez hainbat formatutako ekitaldiak izango dira Europa Jauregian, Gasteizko kaleetan, Santa Luzia auzoko skate parkean eta Montehermoso Jauregian, herritarrn, enpresen sektorearen, ekintzaileen, ikasleen, kazetarien, elkarteen eta hiriko erakundeen arteko topagune gisa.
Hilaren 14tik 28ra bitartean, garapen jasangarrian, ekonomia zirkularrean, mugikortasun jasangarrian eta hirigintzan lehen mailako ahotsak diren pertsonen hitzaldiak egongo dira, baita adituek egindako hiriko martxa bat, hirian GJHen garapena ezagutzeko. Horrez gain, enpresa eta ekintzaileen topaketa bat egingo da, Lego Serious Play modura. Gainera, beste hainbat jarduera izango dira ere: besteak beste, Erronka zirkularra, komunikabideen topaketa bat, Hiriko Game Changers eta zikloa ixteko ekitaldi berezi bat.
Ondoren, irailaren 29an eta 30an Hiri Eredu Jasangarrien inguruko Goi Bilerak egingo dira Europa Jauregian, Kirsten Dunlop Klimaren Berrikuntza eta Ezagutzarako Europako Komunitateko zuzendaria edo Mercedes Maroto Erresuma Batuko Deskarbonizazio Industrialeko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendaria izango dira, besteak beste. Asteburu osoan zehar, deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak ezartzeko erronkak edo hidrogenoari lotutako aukerak aztertuko dira, baita elikadura jasangarria, kalitatezko tokiko produktuen garrantzia, osasuna, edo elikagaien xahubidea ere.
Urtemugaren azken txanpan, irailaren 24tik urriaren 2ra, Zirkularrak erakusketa bisitatu ahal izango da Europa Jauregian. Ihobe sozietate publikoak sustatu du eta industriako hamar sektoretako —elikadura, automobilgintza, elektriko-elektronikoa, makinak, eraikuntzarako materialak, metala, altzariak, mugikortasuna, kontsumorako produktuak eta kimikoa— ehunka produktu biltzen ditu; denak euskal enpresek bizi-zikloaren eta ekonomia zirkularraren azterketen metodologiarekin fabrikatutakoak.
Halaber, egun horietan Asteklima 2022 Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea ospatuko da. Publiko guztientzako jardueren artean, ikasleentzako tailerrak eta bisita gidatuak izango dira, herritarrak ekonomia zirkularraren printzipioetara hurbiltzeko asmoz. Horrez gain, publiko profesionalarentzako bi jardunaldi tekniko izango dira: hilaren 29an, plastikoaren sektoreko kasu praktikoak; eta 30ean, ondare naturalean ekintza klimatikorako instrumentuak.
Urrian, Eusko Jaurlaritza-Ihobek eta Gasteizko Udalak sustatutako Basque Circular HUB adituen zentro berria inauguratuko dute. Ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroa izango da, eta Arabako hiriburuan izango du egoitza. Gazteei eta enpresei ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkie.
Azken ekitaldia urriaren 7an izango da Europa Jauregian: hainbat erakunde publiko eta pribatuk, Mercedes Benz eta Michelin enpresak buru, ekonomiaren deskarbonizazioaren inplikazioei buruzko ikuspegiak aztertuko dituzte, baita Arabako enpresek eta gizarteak erronka horren inguruan ahalik eta jarrera onena nola har dezaketen ere.
Familientzako jarduerak
Bilera, jardunaldi eta bestelako ekitaldi horiez gain, eskaintza ludikoak borobilduko du egitaraua. Izan ere, Vital Fundazioak publiko guztientzako ekitaldiak antolatu ditu.
Irailaren 24an, larunbat arratsaldean zehar, Txiki Rock kontzertua egingo dute Andre Mari Zuriaren plazan. Helduek gazteak zirela entzuten zituzten abestiak oroitu eta txikienak rock munduan sartzeko aukera paregabea izango da, animazio eta dantza askorekin.
Igandean, hilaren 25ean, igandean, familientzako hamar ekitaldi izango dira hirian zehar, Green Capital-aren balioen inguruan. Horretarako, Green triangelua osatuko da Andre Mari Zuriaren, Probintzia plazaren eta Florida parkearen artean. Bertan green trizikloak, Birziklatu jauzi batean jarduera, 7D zinema, eraztun berdearen inguruko kermesse V-G, material birziklatuaren dimentsio handiko jolasak, txiki green, herri kirolak, minigolfa, pelukeria eroa eta makillajea izango dira.
ZAZen kontzertua
Programazioari amaiera bikaina emateko, gypsy zein jazz musika doinu afrikar zein latinoekin uztartzen dituen ZAZ abeslari frantsesak kontzertua eskainiko du urriaren 7an Foruen plazan, Organique Tour aurkeztuz. Nazioartean ezagun egin zen 2010ean, Je veux abestiarekin, eta mundu osoan hiru milioi eta erdi kopia baino gehiago saltzea lortu du. Doako kontzertua izango da.
Aurretik, Omago taldea arituko da plazan. Hainbat taldetan ibilitako Uribe Kostako eta Bilboko musikariek osatutako taldea da, eta pop-rocka eta folka uztartzen ditu.
Hala ere, azken ekitaldi bat egingo dute urriaren 21ean eta 22an: Florida parkean eta Katedral Berriko lorategietan, ikus-entzunezko ikuskizun bat izango da; hainbat emanaldi izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz.