Indarkeria matxistarekin lotutako hiru atxiloketa egin ditu Udaltzaingoak asteburuan zehar; horietako lehena larunbatean izan zen eta beste biak igandean.
Lehen atxilotua 30 urteko gizonezko bat izan zen, goizeko zazpiak inguruan, Judimendi auzoko etxebizitza batean. Auzokideek oihu eta kolpeak entzun ostean udaltzainei dei egin zieten, eta norbait arrisku egoeran egon zitekeela aurreikusita, udaltzainak etxebizitza barrura sartu ziren. Biktima Txagorritxura eraman behar izan zuten.
Bigarren kasuan, Gasteizko erdigunean, 8:50ean, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen gizon batek emakume bati eraso egin ziola ohartaraziz. Lekukoen deskribapenari esker, gertakarien lekutik metro gutxira 30 urteko beste gizon bat atxilotu zuten.
Gauean berriz, Udaltzaingoak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen Santa Isabel kalean, bikotea kolpatu eta lurrera bota ostean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.