Darius Thompsonen esku geratuko da Baskoniaren gidaritza

Erredakzioa 2022ko abu. 14a, 12:11
Argazkia: @dthomp15

Pasaporte italiarra du estatubatuarrak eta, hortaz, ez du atzerritar plazarik hartuko taldean.

Baskoniak Darius Thompson joko-antolatzailearen fitxaketa lotuta zuela zioten zurrumurruak duela hiru aste, baina, Lokomotiv Kuban talde errusiarrarekin indarrean zuen kontratua bertan behera utzi arte, ezin izan du akordioaren berri eman talde gasteiztarrak. Zalantza egunak atzean utzita, azkenik, joko-antolatzaile berriaren fitxaketa ofizial egin du Baskoniak.

27 urte eta 1,93 metroko garaiera duen antolatzaileak, iazko denboraldian, Eurocupen, Thompsonek 13,2 puntu eta 5,8 asistentzia lortu zituen. Erakutsitakoak ikusita, Europan etorkizun oparoa izan dezakeela uste dute adituek eta arrazoi horreagatik Euroligako hainbat talde atzetik omen zituen datorren denboraldira begira.

Fitxaketa honekin, eta iritsi berri den Markus Howard-ekin batera, Baskoniak erabat itxuraberritu du bere kanpoko jokoa. Bi jokalariek saskiratzeko erraztasun nabaria dute eta Peñarroyak joko bizia garatzeko parada izan dezake. Halere, Thompson iaioa da defentsa jokoan ere eta horrek iazko zulo nabarietako bat estaltzen lagundu dezake gainera.

Bi urterako sinatu du eta aurtengo bosgarren fitxaketa da Zurbaoko bulegoetan. Oraindik beste jokalariren bat faltako litzateke taldea erabat borobiltzeko, baina diru kontuak tarteko, apustu segurua izan ezean, taldea ia erabat itxita dagoela aurreikusi daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide