Hamabost urte zituela, Beñat Goitia (Gasteiz, 1991) bere lagunekin sortutako Expolio taldearen abeslaria izan zen. Urte batzuk beranduago, 2014tik 2020ra, rock intimista eta soinu esperimentalagoak uztartu zituen Montauk taldearekin, gitarrista eta abeslaria izanik.
Pandemiak eztanda egin eta Montauk desagertu ostean, krisialdiak esparru guztietan eragindako aldaketaz jabetuta eta ordenagailu aurrean ehunka ordu sartu ondoren, bakarkako bide berriari ekitea erabaki zuen: Benizze.
"Azken urteak hau bilatzen pasa ditut. Eta azkenean aurkitu dut. Amets asko, ideia ugari eta negar gehiegi", zioen lehen bideoklipa kaleratu aurretik plazaratutako manifestuak. Ondoren, martxoaren 16an, lehen kolpea iritsi zen: Bazatoz. Eta maiatzaren 4an, elkarrizketa honen bezperan, bigarrena: Zilarrezko bala.
Beste bost abesti etorriko dira: denak etxean ekoitzita eta Bilboko El Tigre Estudios estudioetan gauzatuta, Jon Agirrezabalagaren laguntzarekin produkzioaren orrazketan, ahotsaren grabaketan eta nahasketan; masterizazioa, berriz, Xabier Egiarekin egin du gasteiztarrak.
Punketik hasi, rock esperimentaletik igaro, eta, orain, musika elektronikora jo duzu. Nola iritsi da hamabost urteko Beñat Goitia hura gaur egungo Benizze izatera?
Momentuko behar pertsonalak dira, egiten duzun musikaren arabera, pixka bat. Hamabost urterekin mundua deskubritzen zaude, haustura momentu batean zaude, eta hardcorea egin nahi duzu. Punkaren inguruan ibiltzen ginen gehienbat, eta orduan hasi ziren iristen AEBetako hardcorea, skate punk... Eta, musika ezenaren inguruko zerbait baino, lagunartean sortutako istorio bat zen Expolio. Gero, 23 urterekin, unibertsitatean zaudela, uste duzu mundua deskubritu duzula, beste erreferente batzuk dauzkazu... eta literaturarekin oso lotutako zerbait izan zen Montauk. Eduki sakonago, intelektualago edo intimoago batean sartzen zara.
"Itxialdiko hiru hilabeteak niretzako miragarriak izan ziren, zentzu pertsonalean eta artistikoan"
Eta gero pandemia dator...
28 urterekin, niretzat kristoren haustura momentua izan zen. Buruari bueltak emateko momentua. Etxeko itxialdiko hiru hilabete horiek niretzako miragarriak izan ziren, zentzu pertsonalean eta artistikoan. Gogoeta egin nuen, baloratzeko zer egin izan nuen ordura arte, eta behar behar berriak nituela ikusi nuen: sozializaziorako eta festarako gogo berriak. Orduan hasi nintzen musika berria bilatzen, horri erantzun bat emateko. Gero, noski, korronte berria dator, bideo berriak, Youtuben ordu dezente gauzak deskubritzen... Eta hirugarren deskubrimendua: elektronika eta traparen mundua. Ez neukanez inolako presiorik, ez inoren eraginik, momentuan nahi nuena egiten hasi nintzen.
Manifestuaren beste pasarte bat: "Hau da gure belaunaldia, 90. hamarkadan Euskal Herrian jaio den belaunaldia. Ezagutzen dugu gure iragana, baina ez gara orainarekin identifikatuta sentitzen, ez gaitu inork ordezkatzen". Zein da belaunaldi talkaren erdian dagoen belaunaldi hori?
"Konturatu naiz nire belaunaldiari dagokion zerbait garatu beharra dagoela"
Esaldi horrek guztia laburbiltzen du: Benizzeren sorkuntza, diskurtsoa, mezua... Iramo taldeak kanta batean aipatzen du "tarteko belaunaldia" garela, eta hor nago kokatuta ni ere. 30 urte ditugu, eta beti egon gara belaunaldi nagusiago baten atzetik, eredu hori izanda eta horren antza izan nahian, orain arte. Gero 80. hamarkadatik daukagun idealizazio hori dago. Eta konturatzen hasten zara ez dela zeozer propioa, ez dela zure belaunaldiari dagokion zeozer. Belaunaldi gazteagoak guk izan ditugun erreferente horiekin haustera datoz, eta pandemiarekin horrek guztiak eztanda egin du. Nire kasuan, konturatu naiz nire belaunaldiari dagokion zerbait garatu beharra dagoela.
Beraz, bi belaunaldiren artean gaude: nagusiagoa den horretatik edan dugu, baina dagoeneko pixka bat aldendu nahi dugu; eta gazteagoekin gauza batzuk oso gazte geratzen zaizkigu, oso berri, baina aldi berean oso erakargarri. Orduan, hor mugitzea da gakoa: zerbait topatzea, tarteko belaunaldi horrena dena baina pena eman gabe edo tontoarena egin gabe, zure burua kokatzea eta erreferente aproposak bilatzea. Zeozer propioa eta erreala egiteko aukera dago.
Noraino iristen da belaunaldi haustura hori?
Nire ustez, nahiko nabarmena da, eta Euskal Herrian orokorra dela esan daiteke: kristoren belaunaldi talka dago, mugimendu politikoan, kulturan eta esparru guztietan. Gidaritza belaunaldi nagusi edo zahar batek darama, eta ez da gurea. Ez gaituzte behar bezala kontuan hartu, eta ez dago identifikaziorik. Musikan, nik behintzat esan dut: "Ah, ez? Ba orduan nik nire mobida egingo dut".
"Bonboak, hi-hat-ak, grabeak eta autotune geruza". Zure estiloa definitzeko zerbait gehiago beharrezkoa da?
Horiek dira pixka bat lau elementuak. Badago trapari keinu bat egin nahia, baina traperoz joan gabe. Elektronika, hain zabala da, aukera ematen duela zure burua kokatzeko. Hi-hat-ak traparen ezaugarri oso bereizgarria dira. Bonboak agian gehiago elektronikarenak. Eta autotune geruza... autotunea traparen ezaugarri bat da, baina geruza bezala aurkeztuta, soinu elektroniko bat da.
"Munduan zehar oso garatuta dagoen zerbait da, eta hemen izugarria da zenbat kostatu den"
"Ah, eta noski, euskaraz, aitzakiarik gabe". Hizkuntzari dagokionez, zer aldarrikatu nahi duzu?
Azken urteetan modan jarri da elebitasunaren edo hirueleduntasunaren istorio hori, askatasunaren izenean, baina nire ustez hor tranpa handia dago jende baten aldetik; izan helburu komertzialengatik, izan beste hainbat helbururengatik. Euskaraz bakarrik kantatzea ere posible da, punka egin gabe eta erromeriak egin gabe. Hortik doa asuntoa.
Baina azken aldian talde euskaldun asko sortu dira eszena urbanoan, ezta?
Oso berandu datorren zerbait da. Munduan eta europan zehar oso garatuta dagoen zerbait da, eta hemen izugarria da zenbat kostatu den; sortzen ari da, baina kostata. Gorpuzkingz sartu zenean, parodia hutsa zen; gero Nizuri Tazuneri, hori jada serioago, baina oraindik oso urruti. Eta elektronikaren mundua ere beti hor egon da, baina agian ez hain lotuta kantuari edo hizkuntzari. Ondoren iritsi dira Merina Gris, J Martina, Chill Mafia... nire ustez, pandemiak ekarri du haustura hori. Beharrezko zerbait da, eta oso modu naturalean etorriko da. Jende gazteak hortik joko du, gero eta gitarra gutxiago, eta gero eta ordenagailu gehiago.
Nola egosi duzu bakarkako proiektu hau?
"Denbora kontua da, eta etxealdi garai hartan denbora gehiegi eman nuen ordenagailuaren aurrean"
Montauken antzeko prozesu bat izan da, baina amaieraraino eramanda. Taldearen amaieran hasi ginen, Aitor Gartzi-rekin, elektronikaren munduko gauzak eta erreferente berriak entzuten, bera batez ere sintetizadoreekin eta horrelako istorioekin, bideo asko ikusten... Horrela hasi nintzen beste eszena bat irudikatzen. Adibidez, zuzenera eramateko beste modu batek erakartzen hasi ninduen. Orduan hasi nintzen jada ordenagailuarekin pixka bat gehiago sakontzen eta, gutxinaka, gitarra gero eta gutxiago jotzen. Programak, soinuak eta erreferenteak deskubritzen, gauzak nola egin ikasten YouTube askorekin, eskuliburuekin... Denbora kontua da, eta etxealdi garai hartan denbora gehiegi eman nuen ordenagailuaren aurrean, kar kar. Horrela izan zen: nola egiten den ikasi, eta ekin.
Zer tresna erabili dituzu sorkuntza prozesuan?
Nik Ableton audio-sekuentziadorea erabiltzen dut. Bertan pluginak eta sinteak daude, baina sintetizadore analogikoak eta gitarra erabili ditut ere. Ahotsa aparte grabatu dut. Perkusioak eta beste soinu batzuk sampleen bitartez sartu ditut, tratamendu digital askorekin. Azken finean, benetan jota dago dena, baina ikutu digitalarekin. Hala ere, hemendik aurrera ziur asko guztia digital eta kitto.
Zergatik izan da Bazatoz kaleratu duzun lehen lana?
Orokorrean, proiektua aurkeztu eta hobekien laburbildu dezakeen kanta da; errazena, zuzenena edo argiena. Abesti bakoitzak badauka bere istorioa: Bazatoz gehiago da bombo a negras, eta hurrengoek izaera markatuagoa dute.
Adibidez, aste honetan Anne Baskaranen laguntzarekin kaleratutako Zillarrezko bala?
Bai, askoz ere ilunagoa, bortitzagoa edo traperoagoa da, hi-hat-ekin. Erakusteko nik ere badakidala bortitz, tonto eta biolentoa izaten, denok dakigula hori egiten. Biolentziaren inguruko hausnarketa bat da, nahiz eta gauza denak ezin diren oso esplizitu esan, zoritxarrez. Chill ikutua izan zezakeen aurreko abestiarekin alderatuta, honetan hori hautsi eta gauzak askoz ere zikinago, bortitzago eta argiago esaten dira.
"Erreferente nagusia The Blaze bikote frantsesa izan da, musikalki eta produkzioaren aldetik"
Erreprodukzio zerrenda bat sortu duzu Spotifyn, eta, horren arabera, gutxienez hamabost erreferentzia daude soilik lehen abestian. Nondik edan duzu gehien?
Erreferente nagusia The Blaze bikote frantsesa izan da, musikalki eta produkzioaren aldetik. Gero, hurrengo abestietan, Billie Eilish, azken aldian asko entzuten ari naizen eta flipatzen nauen Kanye West, The XX eta Monolink ere dezente, elektronikaren produkzio aldetik HVOB erreferente handia izan da, eta azken aldian Chico Blanco edo Soto Asa... Ni ez naiz rapero bezala ikusten, baina gustatzen zaizkit baseak edo gauza batzuk nola planteatu. Agian ez du ematen, baina kantatzeko modua rap edo trapetik hartu dut, ez baitut horrenbeste melodiarekin kantatzen, errezitatu baizik.
Artista baten musikak bezain besteko garrantzia du iruditegiak. Lehen abestirako Kauldi Iriondorekin batera egindako bideoklipean, zergatik aukeratu dituzue Sorginetxeko trikuharria eta euskal folklorea horrelako proiektu bat aurkezteko?
Musikalki, niri kostatzen zait "euskal identitate" hori garatzea, ez dudalako folkloreko instrumenturik erabiltzen eta ez dudalako nahi. Irudiaren bitartez adierazi nahi dut tradizioaren sinbologia hori, baina uztartuta. Momotxorroa eraman nuen, baina gero gu sartu genizkion Nike galtzerdiak, kontraste hori egiteko. Mezua eta proiektuaren ildoa hauxe da: badakigu nondik gatozen, baina honi buelta bat eman behar zaio. Badaukagu izaera bat, hizkuntza bat, mobida hori guztia... eta hori oso baliagarria da. Gauza berezi eta propio bat egin dezakegu, baina kostunbrismoan edo tradizioan erori gabe, gaur egungo ikutu batekin. Kanpoan jada egina dagoen zerbait ekarri, gurea pegatu eta, joe, badaukagu zeozer propioa, ez?
"Mezua da: badakigu nondik gatozen, baina honi buelta bat eman behar zaio"
Bale, bagoaz, baina zer dator?
Zazpi abesti izango dira, eta single bezala aterako ditut, banan-banan; bakoitza bideo batekin, hilean behin gutxi gorabehera. Eta gero, amaieran, uda ostean, denak bilduko ditut, diskoan eta biniloan. Horrekin batera, zuzenekoekin hastea espero dut. Hiru kolaborazio egongo dira, baina oraingoz top secret, kar kar. Gaur egun single bezala ateratzen dira gauzak, eta abesti bakoitzari bere momentua eskaini nahi nion; gainera, bideoklipei ere garrantzia eman nahi nien, eta, batez ere, horrela biziago egongo da denboran zehar. Kanta bat egiteak asko kostatzen du, eta diskoa zuzenean ateratzen duzunean bi edo hiru nabarmentzen dira; horrela, berriz, gehiago entzuten da bakoitza.
Zergatik erabaki duzu abestiak banan-banan kaleratzea?
Nire ustez, hor ere belaunaldi talkaren asuntoa dago berriz ere. Ohitura kontua da. Niri, egia esan, eguneroko errealitatearengatik, disko bat osorik entzutea, ostia... kostatzen zait. Nik ere singleka funtzionatzen dut, playlist-ak sortzen ditut eta banan-banan entzuten ditut. Disko honek badu linea komun bat, baina ziur aski hemendik aurrera egiten ditudan gauzak banan-banan izango dira; ez dut uste beste zazpi abesti bilduko ditudanik, estudiora joan... Bizitza horrela delako: goizean zortzi ordu lan egin eta gero, ahal duzun tarte horretan denbora ateratzen duzu kanta bat egiteko, eta uste dut singleak askoz ere freskoago bihurtzen duela kontua. Une honetan hau egin nahi dut? Ba hiru hilabete hauetan hau egingo dut, eta pum! Fresko-fresko. Eta gero ikusiko dugu.
"Hau egin nahi dut? Ba hiru hilabete hauetan hau egingo dut, eta pum! Fresko-fresko"
Nola irudikatzen duzu Benizzeren lehen kontzertua?
Oraindik diseinatzen ari naiz, baina, printzipioz, DJ-kontzertu formatua, tarteko zerbait. Zuzenean joko dut, baina gauza zoro dezente egongo dira. Ziur aski ikus-entzunezkoak egongo dira atzetik... Klub testuinguru batean irudikatzen dut, 23:00ak aldera, gaueko trantsizio horretan. Ez da kristoren desfaserako musika, baina ez da izango arratsaldeko zortzietan, oraindik bokata sabelean duzula... Pixka bat dantzagarriagoa izatea espero dut, kar kar. Ez du Montauk-ek eskatzen zuen atentzioa eta exijentzia eskatzen, eta askatasun hori behar nuen.
HITZ GUTXITAN
Autotunea
Belaunaldi baten ezaugarria. 80. hamarkadan distortsioa izan zen, eta gurea autotunea da. Behar-beharrezkoa den zerbait.
Musika elektronikoa
Gau giroari kristoren ekarpena egin ahal dion eszena bat. Musika elektronikoa modu duinean eta gaurkotuan lantzen ari diren tokietan, uste dut giro oso duina sortzen ari dela, zentzu askotan. Gauzak ondo egiten badira, oso espazio eta giro politak sor ditzake.
"Euskal talde bat? Ben Yart. Espainiako Estatuko talde bat? Ben Yart"
Euskal musika
Ea espabilatzen hasten garen. Berpizkunde baten beharrean zegoen zerbait da, eta badirudi zerbait badatorrela. Baina gauzak ondo egin behar dira, "euskal" jarrai dezan eta, aldi berean, duin izan dadin.
Gasteizko panorama kulturala
Oraindik ere gehiago kostatzen ari da. Uste dut Donostian, Bilbon eta Iruñean, joder, ausartagoak direla edo aurrerago doazela. Badirudi guri kostatzen zaigula pixka bat... Agian garai batean Gasteiz erreferentea izan zen, baina azken urteetan, uf, oraindik frenoarekin edo oso atzera begira eta oso klasikote dabil. Baina, tira, ea aldatzen den.
Sare sozialak
Ezinbestekoak, bizitzaren parte bat. Ez bazaude, ez zaude munduan eta ez zara existitzen. Mugimendu sozial eta kulturalerako oso garrantzitsua, hor mugitzen ari dira lehen kalean mugitzen ziren gauza asko.
Euskal Herriko talde bat
Ben Yart.
Espainiako Estatuko talde bat
Ben Yart.
Nazioarteko talde bat
The Blaze.