Kontzertuak, artea eta literatura Cosmic Fest jaialdiaren itzuleran

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 07:00
Anna Von Hausswolff, Aaron Turner, Bruit eta Vibora. / ALEA

Urriaren 13tik 16ra, Cosmic Fest jaialdiaren seigarren edizioak Anna Von Hausswolff, Aaron Turner, William Fowler Collins, Bruit, Cuchillo de Fuego, Vibora, IIVVII, Maud the Moth eta Ulmus taldeen kontzertuak eskainiko ditu, besteak beste.

Pandemiak derrigortutako bi urteko geldialdiaren ondoren, Cosmic Tentacles zigilu, diseinu estudio eta sustatzaile gasteiztarraren hamargarren urteurrenarekin batera iritsiko da Cosmic Fest jaialdia. Underground kultura ardatz, urriaren 13an, 14an, 15ean eta 16an lau eguneko egitaraua eskainiko du jaialdiaren seigarren edizioak, eta musika, artea, literatura eta konferentziak hiriko hainbat espaziotara eramango ditu.

"Zerbait berezia egin nahi izan dugu, eta, aldi berean, jaialdiaren funtsa berritu", azaldu du Mikel Cthulhu Cosmic Tentacleseko kideak. Horregatik, musikak erdigunean jarraituko badu ere, garroak zabaldu eta diziplina anitzeko programazioa antolatu nahi izan dute oraingoan, ilustrazioari, diseinu grafikoari, literaturari eta askotariko hitzaldiei merezitako tartea eskainiz.

Gainera, aurtengo edizioko proposamenak Arabako hiriburuko hainbat kultur gunetara iritsiko dira: Jimmy Jazz aretoko kontzertuez gain, Zuloa Irudia, Baratza Aretoa eta Old Tower Stuff disko denda ere Cosmic Fest jaialdiaren parte izango dira.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, kontzertuak izan ezik: Baratza Aretoko emanaldien prezioa 5 eurokoa izango da; Jimmy Jazzeko kontzertuen kasuan, ostiralean 18 eurokoa eta larunbatean 20 eurokoa izango da prezioa; bi eguneko bonoarena, berriz, 30 eurokoa. "Ohikoa denez, diru laguntzak eta babesak alde batera utzita jarduten jarraitzen dugu; gure babesa Gasteizko publikoa eta kultura eragileak dira", azpimarratu du Cthulhu-k.

Kontzertuak

Joan den astean behin betiko egitaraua eta kartela plazaratu zituen Cosmic Tentaclesek. Zoritxarrez, programazioaren itxierak kontzertu nagusietako bat eman behar zuen Arenna taldearen amaierarekin kointziditu du; stoner rock talde gasteiztarrak ezin izango dio urriko hitzorduari eutsi, baina beraien ordez Vibora post-hardcore talde gasteiztarra arituko da urriaren 15ean, 2021ean Botánica EP diskoa aurkeztu ostean.

Horrez gain, Jimmy Jazz aretoan izango diren taldeen artean honako hauek izango dira larunbatean: Anna Von Hausswolff konpositore suediarra, kontinente zaharreko artista boteretsu eta interesgarrienetako bat; Aaron Turner estatubatuarra, ISIS kultuzko taldeko buru ohia eta Hydra Head nazioarteko underground soinuen erreferentziazko zigiluaren sortzailea; eta, horiekin batera, William Fowler Collins New Englandetik (AEB) iritsiko da bere proposamen minimalista ilunarekin.

Ostiraleko eskaintza musikalari dagokionez, aipatutako Vibora gasteiztarrez gain, beste hiru talde igoko dira Jimmy Jazzeko agertokira: BRUIT frantsesak, beren rock instrumentala eta klasizismoa uztartuz zirkuitu independenteetan arrakasta itzela lortu dutenak; Cuchillo de Fuego galiziarrak, punk, noise eta post-hardcore soinuen artean; eta IIVVII, Neurosis-eko taldekide ohi Josh Graham konpositorearen proiektu elektroniko-bisuala, AEBetatik.

Gainera, Baratza Aretoan beste bi kontzertu ikusteko aukera izango da larunbatean, urriaren 16an: Ulmus eta Maud the Moth.

Erakusketak

Bestalde, hiru erakusketaren aurkezpenak hartuko ditu Cosmic Fest-ek: Juarmak, Espainiako estatuko ilustratzaile onenetako eta azidoenetako batek, Amor y Rabia erakusketa aurkeztuko du; Eider Iturriaga argazkilari bermeotarrak Pandemic Sessions argazki erakusketa aurkeztuko du; eta Kataluniako Error! estudioak ere parte hartuko du, musika-kartelgintzako diseinuan nazioarteko erreferentzia.

Hitzaldiak

Azkenik, maila handiko hiru konferentzia izango dira ostiralean eta larunbatean, Zuloa Irudia liburu dendan: La Felguera argitaletxe bitxiko editore Servando Rochak Todo el odio que tenía dentro bere azken liburua aurkeztuko du; bere aldetik, Layla Martinez idazleak munstroei eta kapitalismoari buruz hitz egingo du; eta Francisco Jota-Perez idazle-xamanak "solastalgiaren sakontasuna eta apokalipsi klimatikoaren ondoriozko izua" azalduko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide