Igande goizaldean, Udaltzaingoak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, Gasteizko Alde Zaharreko ostalaritza establezimendu batean dantzan ari zen emakume bati ukituak egiteagatik.
Lokaleko atezain batek erasoa ikusi zuen eta kargu hartu zion. Horren aurrean, gizonezkoak eta harekin batera zihoazen beste hiru gizonezkok eraso egin zioten atezainari; ondoren, lokaletik alde egin zuten. Bitartean, biktimak San Frantzisko aldapan zaintza lanak egiten ari zen patruila bati eman zion gertatutakoaren berri.
Handik gutxira, udaltzainek lau gizonezkoak inguruan topatu zituzten, baita atxilotu ere. Lehenengo gizonezkoari sexu abusuaren eta erasoaren delitu bat egotzi diote, eta 25, 26 eta 27 urteko beste hiru lagunei, berriz, eraso delitu bat.
Beste bi atxiloketa
Horrez gain, asteburuan zehar, Udaltzaingoak beste bi gizon atxilotu ditu indarkeria matxistarekin lotutako delituak egotzita. Ostiralean, 36 eta 37 urteko bi gizonezko atxilotu zituen genero indarkeria delituaren ustezko egileak izateagatik. Lehen atxiloketa familiaren etxebizitzan bere bikotekidea kolpatzeagatik izan zen; bigarrena, berriz, kalean bere bikotekideari eraso egiteagatik.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.