Amateur argazki lehiaketa, World Press Photoren 20. urteurrenerako

Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 11:30
Argazkia: PIXABAY

World Press Photok hogei urte beteko ditu aurten Gasteizen, eta urtemuga ospatzeko amateur argazki lehiaketa bat antolatu dute urriaren 18ra bitartean. 5.000 euro baino gehiagoko sariak banatuko dituzte.

Udazken honetan hogei urte beteko dira World Press Photo foto-kazetaritzaren nazioarteko erakusketa lehen aldiz Gasteizera iritsi zenetik. Urteurrena ospatzeko asmoz, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera, argazki narratibo eta dokumentalekin lotutako hainbat ekitaldi prestatu ditu.

Ekitaldi horietako bat argazkigintzan zaletuentzako lehiaketa amateur bat izango da. Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak eta Paco Valderrama Gasteizko Word Press Photoren arduradunak prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur World Press Photok 20 urte Gasteizen izeneko amateur argazki lehiaketa.

Izena emateko epea zabalik dago urriaren 18ra arte, eta partaideek gutxienez sei argazkirekin erakutsi beharko dituzte beren lanak Gasteizko establezimendutan, hala nola tabernetan, jatetxeetan, dendetan eta bestelakoetan, egileak egindako aukeraketaren arabera.

Lehiaketak 5.100 euro banatuko ditu sarietan: lehen saria 1.500 eurokoa, bigarrena 1.200 eurokoa, hirugarrena 800 eurokoa, laugarrena 600 eurokoa, eta bosgarrena 500 eurokoa. Lehen saria jasotzen duen establezimenduak, gainera, 500 euro jasoko ditu. Lan irabazleak abenduaren 1ean emango dira ezagutzera.

Oinarriak, izena emateko formularioa eta beste xehetasun batzuk www.worldpressphotovg.es webgunean daude eskuragarri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide