Azken hilabeteetan arreta bereganatu duten gatazketan fokua jarriko dute aurtengo Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiek. Abuztuaren 29tik irailaren 2ra, gaurkotasuneko gaiak mahai gainean jarriko dituzte ibilbide luzeko profesionalek, eztabaida eta hausnarketarako espazioa sortzeko helburuarekin. Manu Brabo, Maria Garcia de la Fuente, Carmen Claudin, Mikel Reparaz, Xabier Aldekoa eta Ana Fuentes kazetariek parte hartuko dute horietan.
Europa Biltzar Jauregian, Florida zinemetan eta Aihotz Plazan egingo dira jarduerak. Hitzaldiak eta mahai-inguruak 12:00etan eta 19:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Egun bakoitzaren amaieran, gaueko ordutegian, egunean zehar landutako edukiekin lotutako filmen ziklo bat egingo dute. Emanaldi horiek Florida zinemetan egingo dituzte, eta sarrerak 3 euro balioko du.
Berritasun gisa, irailaren 2an, 21:30ean, Play Gasteizekin elkarlanean, Los archivos del Pentágono pelikula eskainiko dute Aihotz Plazan, aire zabalean. Steven Spielbergek zuzendutako filma da, eta Meryl Streep eta Tom Hanks dira protagonistak.
Jardunaldiek barne hartzen dute Manu Brabo fotokazetariaren Black butterflies argazki-erakusketa. Kalean bertan jarriko dituzte ikusgai argazkiak, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoa bistaratzea helburu dutenak. Gasteiz Hiribidean egongo da ikusgai erakusketa, Europa Biltzar Jauregiaren alboan, abuztuaren 12tik irailaren 4ra.