Bingen Mendizabal

Gabrielen erritmora, muinotik

Anakoz Amenabar 2022ko abu. 12a, 08:00

Bingen Mendizabal, Marijo Otxoa de Eribe lehengusuarekin. /Mikel Buruaga

Musikari jarraituta, Gasteizko Alde Zaharrean kontzertuak eskaintzen dituzten hainbat txoko bisitatu ditu Bingen Mendizabalek, Santa Maria katedrala eta Armentiako basoarekin batera. 

Peter Gabrielen In your eyes kantak lagundu du Gasteizko Alde Zaharretik egun pasa egitera. Muinoko bazterretan ohikoa izaten da Bingen Mendizabal (Gasteiz, 1962) musikaria kaskoekin paseoan ikustea, eta oraingoan soinu banda hori aukeratu du hango plaza, kantoi eta taberna zuloetan osteratxoa egiteko.

Musikari lotuta behar zuen Mendizabalen proposamenak, nahitaez, eta haren ibilbidean oso garrantzitsua izan den Mikel Urdangarin lagunak duen tabernan eman dio hasiera bideari. "Garagardo bikainak probatzeko txokoa izan daiteke, artisau garagardoak tartean. Alde Zaharrean barneratu aurretik, Foru kaleko bazter honetan egingo nuke hitzordua". Gertu dagoen Segundo tabernan ezagutu zuten elkar, duela hogei bat urte, astelehen gauetan izaten ziren kontzertuetan. "Zoragarria zen sortzen zen giroa, leku askotako lagunak etortzen ziren, musikari ugari, Mikel eta bere gitarra tartean, eta folk kontzertuak izaten genituen", gogoratu du Mendizabalek. Egun, faltan ditu halako inprobisatutako saioetarako txokoak. "Ez dira erraz topatzen, eta uste dut halakoek ere ematen diotela bizitasuna auzoari". Aiztogile kaleko taberna hartan hasi ziren prestatzen gerora etorriko ziren hainbat musika proiektu. Bar Puerto izan zuten lehenengoa, Kirmen Uriberen testu bat oinarri. Eta Uribe bera eta Rafa Rueda batu zitzaien aurrerago Zaharregia, txikiegia agian lanean. Batean eta bestean, batera egin dute ibilbidea geroztik, eta orain ere Urdangarinek Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin abuztuaren 20an eskainiko duen kontzerturako moldaketak egiten dabil Mendizabal.

"Duela 30 urte egin zitezkeen gauzak ezin dira gaur egin; faltan botatzen dut, basatiagoak ginen"

Konpost

Musikari jarrai, kontzertuak izan ohi diren beste taberna batzuk aukeratu ditu bidean. Pintore kalean Extitxu, Aiztogile kalean Dazz eta San Frantzisko kantoian gora Parral. Azken honetan, taula gainean izan zen martxoan, Konpost rock taldearekin batera; 2018an abiatu zuen musika abentura berria Ruben Sanchez, Jon Aranburu eta Txerra Bolinagarekin batera. "Poliki goaz Konpostekin, probatzen ari gara, baina oso esperientzia ona izaten ari da".

Alde Zaharrean gora eta behera, egunotan Zaharraz Harro jaiak ospatu dira, eta kontzertuak topatu ditu kale bazterretan, baina ohikoa ez dela gogoratu du. "Duela 30 urte egin zitezkeen gauzak orain ezin daitezke egin; alde hori faltan botatzen dut, pixka bat basatiagoak ginen". Udaletik antolatutako ekitaldietatik harago, kultura alternatiboak bere lekua zuela nabarmendu du, marra jakin batzuetatik kanpo mugitzen ziren hamaika taldek bultzatuta: "Gaur egun, Cicatriz edo Hertzainak moduko taldeei uste dut ez lieketela aukerarik emango".

Txerra Bolinaga, Ruben Sanchez, Bingen Mendizabal eta Jon Aranburu. / Konpost

Zapatari kalean aurrera, El Abuelo tabernan geldialdia egin du, Gasteizen musika jartzen lehendabiziko tabernetako batean, gogoratu duenez: "Eta kontzertuak ere antolatzen dituzte noizean behin; talde txiki askorentzat ezinbestekoak dira halako espazioak".

"Zoragarria zen Segundo tabernan sortzen zen giroa, musikari ugari etortzen ziren..."

Jazzaldia ere prest da hilaren 12an abiatzeko, eta egun horietan kale eta tabernetan sortzen den giroa ere gustuko du. Mendizorrotza kiroldegiko kontzertu handietara, ordea, ez da joango. "Maila handiko kontzertuak daude Jazzaldian, esaterako, Arturo Sandoval tronpetista aurten, baina egia da formatu txikikoak gustatzen zaizkidala; Dazz, adibidez, horretarako aukera ona izan daiteke".

Abuelo tabernatik maldan gora, parez pare topatuko du bisitariak Santa Maria katedrala, eta horretan bisitaldi gidatua egiteko gomendioa egin du Mendizabalek, urtez urte agertzen diren altxor berriak deskubritzeko aukera; aurtengo nobedadeen artean, errealitate birtualeko bisitak antolatu dituzte katedralean eta harresian, Gasteizko lehen harresia eraiki zen garaira eta Erdi Aroko hiriaren bilakaerara bidaia eginez. Katedral zaharrean ere bada, gainera, musikarako tarterik uda honetan; "Kontzertuak eta irekita" programaren eskutik, besteak beste, Inun, Pablo Milanes edo Tomas Merloren kontzertuak izango dira elizpean. "Musika eskaintzari dagokionez, aukera ugari ditugu, eta jaiak ere talde berriak ezagutzeko parada izan daitezke". Aihotz plaza eta Txosnak dira jaietan gogokoen dituen guneak, eta horietan izaten diren kontzertuetara gerturatu ohi da, jaiek "nagi handia" sortzen dioten arren. "Garai batean Blusa ere izan nintzen kar-kar; orain, ahal izango banu, ihes egingo nuke jaietan".   

'La madre muerta'

Bizitokia eta lantokia ditu Alde Zaharrean, eta handik ateratzeko "lanak" ditu Mendizabalek, baina tarteka Armentiako basoetara ere egiten du ibilaldia, Senda pasealekutik aurrera. "Lasaitasun bila gabiltzanean aukera ona izaten da paseo hori, eta, ezagutzen ez dutenentzat, paraje ederra". Inguru horietan, hain zuzen, errodatu zituen Juanma Bajo Ulloa zuzendariak La madre muerta pelikulako hainbat eszena, Mendizabalek berak sortutako soinu banda lagun. "Oso ondo gogoratzen dut. Nire lehendabiziko esperientzia izan zen orkestra batekin; Granadakoarekin grabatu genuen, eta Londresko estudio batean nahastu, gauza horiek egitea posible zenean...". Bajo Ulloaren El Reino de Víctor film laburraren musika jartzea izan zuen lehendabiziko lana zineman, eta ondotik etorri ziren zuzendari beraren Alas de mariposa edo Airbag, eta Montxo Armendarizen Los secretos del corazón, Imanol Uriberen La carta esférica, edota Marcelo Piñeyroren Kamchatka pelikulak. Esperientzia handia darama maletan, hogei bat pelikularen soinu-banda sortu du, baina alor gero eta zailagoa dela aitortu du. "Belaunaldi berriak sartu dira zinemagintzan, ondo prestatutako belaunaldiak, eta oso zaila dago orain. Gaur egun jasotzen ditudan enkarguak lagunenak izaten dira". Sortu duen azkena, Koldo Uriarterekin batera, Bajo Ulloaren Baby filmerako soinu banda izan da, Feroz sarietan garaile izandakoa. 

Familia artean

Armentiatik erdigunera bueltan, Zuloaga etxea, Armagintza etxea edota Arte Ederren Museoan geldialdia egin eta gero, Plaza Berriko La Unión tabernan amaitzea erabaki du. Ondo ezagutzen du txokoa eta ingurua, aiton-amonak izan baitziren jabe; orain Mariajo Otxoa de Eribe –2021eko Urrezko Zeledon– lehengusuak egiten du lan, osaba Mariok hainbat urtez izan ostean. "Umeak ginenean, asko egoten ginen lehengusuok inguru honetan; plazan jolasean, tabernan nahasten...". Egunero bazkalorduan jarri ohi duten platazoa gomendatu du Mendizabalek. "Gehiegi pentsatu behar izan gabe, hartu  eguneko platera eta disfrutatu etxeko zaporeekin".   

Musikak bultzatuta gerturatu da Mendizabal Alde Zaharreko zenbait txokotara, katedral zaharrean bisitaldia egin, Armentiako basoan galdu eta buelta muinora. Peter Gabriel entzuten jarraitzen du, baina izan zitekeen Konpost, Hertzainak, Zazpi Eskale, Mikel Urdangarin...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago