Fito & Fitipaldisek Gasteizen joko du martxoan, Principal Antzokian

Erredakzioa 2022ko uzt. 28a, 18:40
Fito Cabrales abeslari eta gitarrista bilbotarra. / Argazkia: LAST TOUR

Fito & Fitipaldis taldeak beste bira bat iragarri du, eta bisitatuko dituen antzoki eta auditoriumen artean izango da Gasteizko Principal Antzokia, 2023ko martxoaren 4an.

Orain arte 27 kontzertu eman ostean —tartean, San Mames estadioan 47.000 lagunen aurrean—, Fito & Fitipaldis taldeak bere musika giro intimoago batera eramateko bira berri bat iragarri du.

Antzoki eta auditoriumetako kontzertu horietan 2021eko irailean argitaratutako Cada vez cadáver azken diskoko abestiak eta taldearen klasikoak entzun ahal izango dira, beste estilo batekin interpretatuta. Diskoa salmenten zerrendetan lehen postura iritsi zen lehen astean, Urrezko Diskoaren ziurtagiria lortu zuen, eta, ondoren, Platinozko Diskoa, 40.000 kopia baino gehiago salduta.

Horretarako, Fito Cabralesek Feten Feten taldeko Jorge Arribas eta Diego Galaz gehitu ditu Carlos Raya, Javier Alzola, Boli Climent eta Coki Gimenezek osatutako taldera. 24 urteko ibilbidearekin eta estudioko zazpi albumekin, Espainiako estatuko pop-rockaren erreferente bihurtu da Fito & Fitipaldis.

Bira honen barruan taldeak Euskal Herrian egingo duen lehen geldialdia Iruñean izango da, abenduaren 17an, eta ondoren Gasteizera iritsiko da 2023ko martxoaren 4an. Principal Antzokiko kontzerturako sarrerak abuztuaren 2tik aurrera izango dira salgai lasttour.org webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide