Magialdia Gasteizera itzuliko da irailean, 200 mago baino gehiagorekin

Erredakzioa 2022ko uzt. 28a, 14:20
Magialdiaren aurreko edizio bat, Principal Antzokian. / Argazkia: MAGIALDIA

Zazpi eguneko egitarauarekin eta 200 mago, profesional eta afizionatu baino gehiagorekin, Gasteizko Magia Jaialdiak pandemia aurreko formatua berreskuratuko du irailaren 12tik 18ra bitartean.

Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatutako Magialdia Gasteizko Magia Jaialdiaren 34. edizioa Arabako hiriburua sorginduko du berriz ere irailean, eta pandemia iritsi aurretik zeukan formatua zein programazioa berreskuratuko ditu horretarako.

Aurretik, abuztuaren 28tik irailaren 11ra, Magialdiaraba Arabako hamazazpi herritatik igaroko da, Asier Kidam, Tor Magoa, Txoborro Magoa, Hodei Magoa eta Imanol Ituiño mago euskaldunen eskutik.

Gasteizko Magialdiaren programazioa aurkeztu dute gaur, prentsaurreko batean, Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta Jose Angel Suarez Magialdiko zuzendariak. "Magialdia babesten dugu urtero bezala, Gasteizko gizartean egiten duen ekarpena izugarri baloratzen dugulako. Magia inoiz baino beharrezkoagoa da gaur, beraz, ikusminez espero dugu aurtengo jaialdia", aldarrikatu du Cantok.

Ohiko gala eta gaualdiez gain, edizio honetako nobedade nagusien artean izango dira AEBetako Penn & Teller Fool Us telebista saioetarako entzunaldiak, eta Dentro de lo invisible, irailaren 12tik 14ra Santa Maria Katedraleko elizpean egingo den magia ikuskizuna.

Egitarauaren inguruko xehetasun guztiak laster izango dira ikusgai Magialdiaren webgune ofizialean.

200 mago baino gehiago

Aurreko edizioetan bezala, Estatu osotik eta beste herrialde batzuetatik etorritako 200 mago, profesional eta afizionatu baino gehiago izango dira Magialdiak irailaren 16tik 18ra Europa Biltzar Jauregian eskainiko duen programa profesionalean.

Espainiako estatuko lurralde ezberdinetatik, besteak beste, Miraver, Öscar Escalante, Ivan Fernandez, Didak, Struc, Eriz magoa, Luis Boyano, Victor Piña, Marsel, Ivan Santacruz, Pepo Capel, Juan Luis Rubiales, Diego y Elena, Zinthya, Jaime Figueroa, Paco Agrado, Murphy, Miguel Angel Gea, Lionel Gallardo eta Jordi Cami izango dira Gasteizen.

Nazioarteko herrialdetatik, berriz, honako magoak etorriko dira: Malin Nilsson (Suedia), Yann Brieuc (Frantzia), Bruno Tarnecci (Peru), Jurgen & Florette (Frantzia), Marco Aimone (Italia), Luis Otero (Venezuela), Juan Esteban Varela (Txile), Mirko Callaci (Argentina), Manho Han (Hego Korea), Juliana Chen (AEB), Artem (Errusia), Felix Guyonnet (Frantzia), Filiberto Selvi (Italia), Carola Scialabba (Argentina), Giancarlo Scalia (Italia), Gabriel Gascon (Txile) eta Adrian Conde (Argentina).

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide