Edurne Herranen 'Chan(n)el' erakusleihoarekin amaituko du Zas-ek denboraldia

Erredakzioa 2022ko uzt. 28a, 14:10
Plastikozko poltsekin egindako gona eta jaka jantziz osatutako instalazioa da. / ZAS

Herranek klase sozio-ekonomiko ezberdinen tentsio sozialei buruz dugun pertzepzioa izan du ardatz lanean.

Edurne Herranen Chan(n)el erakusleihoaren aurkezpenarekin amaituko du Zas Kulturrek ikasturte hau, irailean berriz bueltatu arte; gaur izango da, 19:30ean. Plastikozko poltsekin egindako gona eta jaka jantziz osatutako instalazioa da, Chanel moda etxeari lotutako goi mailako jantzien estilo tradizionala eta klasikoa birsortzen duena. Irailaren 10era arte ikusi ahal izango da.

Artistak sektore txiroenekin lotu ohi diren materialak erakusten ditu, estatus sozial handiagoko formekin jolastuta. Hala, metodo honekin Herranek klase sozio-ekonomiko ezberdinen tentsio sozialei buruz dugun pertzepzioak eratzen dituen oztopoak desitxuratzea lortzen du.

Edurne Herranek hainbat formatu artistikorekin lan egin izan du: performancea, ehungintza, muntaia digitala edota argazki erakusketa. Bere lanak arazo sozialei buruzkoak dira –gazteen lan-prekarietateari buruzkoak, adibidez–, bai eta gizabanakoaren identitate-prestakuntzari buruzko ikerketei buruzkoak ere, bere muga fisiko, estetiko edo klase sozialaren bidez, besteak beste.

Proiektu honetarako, Herranek Zas Kulturrek kultura artistiko garaikidea hedatzeko erabiltzen duen espazioetako bat erabiltzen du: erakusleihoa. "Gaur egun ere erakusketak arteen vedette handia izaten jarraitzen du; hau da, artisten lanak ikusteko modurik ohikoena. Harago ere joan gaitezke, eta esan dezakegu artistek ez dituztela duela hamarkada batzuetatik lan autonomoak sortzen, erakusketetarako lanak baizik", azaldu dute Zas espaziotik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide