Maik Kotsar estoniarrak osatuko du Baskoniaren barne jokoa

Erredakzioa 2022ko uzt. 25a, 11:04
Hego Carolinako unibertsitatean osatu zuen bere formazioa Kotsarrek. Argazkia: @MikeKalev

Bi denboraldirako kontratua sinatu du pibot gazteak.

Talde handiek izen entzutesuen fitxaketak iragartzen dituzten bitartean, Baskoniak, ohiko legez, apustu usaina duten jokalariak ekartzeko beharra izaten du. Gazteak, Europako maila gorenean eskarmentu gabekoak eta etorkizunean izan dezaketen balizko bilakaera onean oinarritzen diren fitxaketak izan ohi dira.

Baskoniak iragarri berri duen Maik Kotsar pibotaren fitxaketa izaera horretakoa da ezbairik gabe. Azken asteetan sareetan entzun ahal izan diren izen sorta horren artean horietan inor gutxik izango zuen pibot estoniararen izena ahotan. Jokalari ezezaguna da 2,11 metroko garaiera eta 25 urte besterik ez dituen pibota.

Tallingo Audentes taldean hasi zuen bere ibilbidea eta handik Estatu Batuetara alde egin zuen bere formazioarekin jarraitzeko asmoz. Lau urte eman zituen Hego Carolinako unibertsitatean eta NBAko draft-eko aukeraketan kanpoan gelditu ostean, Hamburgok fitxatu zuen. Bi urte eman ditu Alemanian, Hamburg Towers taldean. Liga txapelketan  14,2 puntu, 7,6 errebote eta 15,7 puntuko balorazioa lortu ditu 34 partidatan. Gainera Europa mailako EuroCup txapelketa ere lehiatzeko aukera izan du eta batez-beste 13,4 puntu eta 6,6 erreboterekin, 17,2 puntuko balorazioa lortu du.

Bi urteko kontratua sinatu berri du Kotsarrek, eta Esteven Enoch-ekin batera Baskoniaren barne jokoa osatuko du. Apustu handia egingo du Baskoniak zentzu horretan, bi jokalari oso gazte izango baititu barne jokoaren arduran. Dena den, zenbait zurrumurruk Enoch NBAn kokatzen dute aurten eta mugimendu horrek Baskoniaren barne jokoa berriz ere kolokan utziko luke. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide