Jakin berri den epaiak "erabat deusezkotzat" jo du Zaiako dikearen proiektua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenik jasotzen ez duelako. Hala iragarri du Zaia ibaian dikea eraikitzearen aurkako kontzeju, alderdi eta talde ekologistak biltzen dituen Dikerik Ez plataformak.
Gasteizko administrazioarekiko auzien lehen epaitegiak dikearen proiektua "baliogabe" jotzeko arrazoia arro horretako ibaien jardueren gaineko eskumenak dituen Ebroko Konfederazio Hidrografikoko txostenik jaso ez izana izan da. Dikerik Ez plataformako kideak pozik agertu dira epaiarekin, erabakia apelagarria bada ere. Plataformaren ustez, "argi geratu da uholde-arriskua duen eremu batean industrialde bat egiten tematzea ez dela ideia ona".
Dike horrek aireporturako -eta VIAPerako- uholdeen aurkako segurtasun handiagoa ekarriko luke, Gereña edo Mendoza bezalako kontzejuek uholdeak jasateko arrisku handiagoa sortuz. Mehatxu horren aurrean, administrazio-batzarrek auzitegietara eraman zuten kasua, eta Gasteizko epaitegiak arrazoia eman die azkenik, bost urteko ibilbidearen ostean.
Hala ere, epailearen ebazpenean jasotzen denez, aipatutako txosten hori "2018an eman zen" eta "aldekoa" izan zen, nahiz eta "preskripzio tekniko batzuei lotuta" geratzen zen. Hortaz, oneritzia jaso duen arren, epaiak ondorioztatzen du proiektua "deuseza" dela, "txostenak dagozkion administrazio-egintzak eman aurrekoa izan behar duelako". Proiektua momentu honetan etenda geratzen da, sustatzaile nagusia den Sprilur-ek zer egingo duen zain.