Urtebete ohiko kokapenetik urrundu ondoren, Foru plazara itzuliko dira aurten herri kirolak. Gasteizko jaietako egun guztietan izango dira, 12:00etatik 13:00etara. Aurten, gainera, modalitate aukera zabala izango da, ohikoenetatik hasi eta hain ezagunak ez direnetara.
Zehazki, abuztuaren 5etik 7ra Andre Mari Zuriaren jaietako aizkora-txapelketaren sailkapen-probak jokatuko dituzte. Arabako lau aizkolari onenek parte hartuko dute txapelketan: Arkaitz Jauregik, Luis Polandok, Jon Rodriguezek eta Eloy Kortxerok. Eta 2021eko Euskadiko txapelketako lau onenak izango dira haien bikotekideak: Ioritz Gisasola, Hodei Ezpeleta, Jon Basozabal eta Oier Kañamares. Lau bikote horietatik bi sailkatuko dira, eta bi horiek hilaren 8an jokatuko dute finala. Harri-jasotzaileei dagokienez, lehen egunean Joseba Ostolazaren herri-kirolen eskolako ordezkari nabarmenenak etorriko dira: Naroa eta Udane Ostolaza. Gainera, hilaren 6an eta 7an Arabako eskolaren txanda izango da.
Aizkolariez eta harri-jasotzaileez gain, hilaren 6an trontzalariak ere izango dira. Egun horretan bertan, lasto-altxatzaileen gizonezkoen txapelketa izango da. Hurrengo egunean, atxurlari-txapelketa izango da; horiek, enborrak moztuko dituzte horretarako egokitutako aitzurrekin. Eta, hilaren 8an, orga-jokoaren eta ingudearen emakumeen eta gizonen txapelketak lehiatuko dituzte. Azkenik, hilaren 7an eta 8an txinga eroatea izango da, emakumeena zein gizonena. Egitaraua amaitzeko, hilaren 9an harria arrastatuko dute zaldiek, idiek eta pertsonek.