Arabako Gurutze Gorriak jasoko du Gasteizko Urrezko Domina

Erredakzioa 2022ko uzt. 19a, 12:01

Besteak beste, elikagaien banaketan parte hartzen du Gurutze Gorriak. / Gurutze Gorria

Iaz bakarrik, Arabako Gurutze Gorriak 13.081 laguni eskaini zien laguntza.

Gasteizko Udalak aho batez onartu du Arabako Gurutze Gorriari hiriko Urrezko Domina emateko proposamena. Osoko Bilkurak akordio hori berretsi ondoren, datorren abuztuaren 5ean jasoko du saria. 150. urteurrena ospatzen duen urtean emango diote, "erakunde humanitario honen ibilbide nabarmena eta gehien behar duten kolektiboei eskaintzen dien dedikazioagatik".

Udaleti, besteak beste, koronabirusaren pandemiaren ondorioz egindako lanak edo Ukrainatik datozen errefuxiatuei emandako arretak nabarmendu dituzte Gurutze Gorriaren tokiko ordezkaritzari hiriko Urrezko Domina emateko.

Erakundearen historia

Hirugarren Gerra Karlistan sortu zen Gurutze Gorria Araban eta, une hartan, haren zeregin nagusia izan zen zaurituei arreta ematea. Une bakoitzaren arabera, erakundeak bere lana biztanleen beharren eta sasoiaren arabera egokitu du. Behar horiek batez ere gizarte-politikekin eta premia gehien dituztenekin lotutakoak izan dira: adinekoak, istripuak, immigrazioa, errefuxiatuak, presoak, desgaitasuna, hondamendiak, droga-mendekotasuna, nazioarteko lankidetza…

Iaz bakarrik, Arabako Gurutze Gorriak 13.081 laguni eskaini zien laguntza 2.020 boluntariok (1.207 emakume eta 813 gizon) egindako lanari eta bazkide diren 1.520 enpresak eta lagunek, erakundeek eta elkarteek emandako laguntzari esker. Dena den, 2020an, pandemia piztu zenean, hautsi zen errekorra emandako arretari dagokionez. Izan ere, urte bakarrean, 33.713 lagun izan ziren laguntza jaso zutenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide