Kase.O-ren kontzertuak eman dio agurra Jazzaldiari

Erredakzioa 2022ko uzt. 18a, 10:14

Kase.O-k Mendizorrotza bete zuen igande gauean. / ALEA

Jaialdiko kontzerturik jendetsuena izan zen igandekoa.

Aurtengo azken kontzertuan, Jazz jaialdian ohikoa ez den publikoak bete zuen Mendizorrotzeko kiroldegia. Aurreko egunetan Snarky Puppy, Robert Glasper edo Arturo Sandoval jaso ostean, Mendizorrotzeko oholtzak hip hop doinuei egin zien tokia Kase.O raperoaren eskutik.

Gehiegizko beroa ez zen oztopo izan, eta Javier Ibarra aragoiarrak aurreko egunetan erdi hutsik geratu ziren harmailak ia erabat betetzea lortu zuen. Ikusmina pizten du Violadores del Verso taldeko MC izandakoak, eta doan tokira doala, atzetik izaten ditu jarraitzaileak. Are gehiago, berriki datorren udaberrian eszenatokiak uzteko asmoa duela iragarri ostean.

Jazz Magnetism lanak hamar urte bete dituen honetan, Gasteizko Jazz jaialdiak tokia egin dio jazza eta hip hop doinuak lotzen dituen lanari. Esker oneko agertu zen Javier Ibarra Jazz jaialdiko antolatzaileekin, eta jaialdian egotea bere ibilbideko lorpenen artean kokatuko duela esatearekin batera, Iñaki Añuari eskaini nahi izan zion kontzertua.

Kontzertua jazz doinuekin hasi bazuen ere, azkar berotu zen giroa eta ikusleak aulkietatik mugitzea lortu ostean, rap abestiak izan ziren nagusi: Violadores del Versoren Ballantines, SFDK-ko Zaturekin elkarlanean egindako Ringui Dingui edota Kase.O-ren lanik berrienetakoa den Tiranosaurus Rex, esaterako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide