'Mugen poetika’ denboraldi berria aurkeztu du Udal Bandak

Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 14:45

Udal bandaren denboraldia aurkezteko agerraldia. / Gasteizko Udala

Asteartean, uztailaren 19an, hasiko da abonamenduen salmenta.

Mugen poetika izenburupean, Gasteizko Udal Musika Bandak abonamenduko denboraldi berria aurkeztu du; irailetik maiatzera bitartean Principal antzokian zazpi musika emanaldi eskainiko dituzte. Zikloa aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Estibaliz Canto Kultura zinegotzia eta Luis Orduña Udal Bandako zuzendaria. "Mugek baldintzatutako munduan, Bandak horiek hausteko eta globalizazio kulturalaren, geografikoaren eta estetikoaren aldarrikapena egitearen aldeko apustua egin du. Gurekin batera bost kontinentetatik iritsitako solistak eta musika izateko pribilegioa izango dugu", aipatu du Cantok.

Orduñak, bestalde, denboraldi berrian bandak musika-konposizioan eta zuzendaritzan emakumearen rola ikusgai jartzen jarraituko duela nabarmendu nahi izan du. Hala, instrumentu berezien aldeko apustu berritzailea nabarmendu nahi izan du: harmonika, akordeoia edo Venezuelako marakak, besteak beste.

Ziklo berriaren egitaraua irailaren 21ean hasiko da denboraldiari izena eman dion kontzertuarekin: Mugaren poetika. Luis Orduñak zuzenduko du eta solista gonbidatua Manuel Alejandro Rancel venezuelarra izango da, marakekin. Bestalde, Vicent Pelechanok Gasteizko banda zuzenduko du abonamenduko bigarren kontzertuan, Muga metafisikorantz izenekoan, azaroaren 23an; Javier Egillor bateria-jotzailea egongo da agertokian. Abenduaren 14an, Mugarik gabeko estetika lana iritsiko da eta, bertan, Guillerm Pastranak violoncelloarekin egiten duenarekin gasteiztarrak gozaraziko ditu.

2023rako programa

Urtarrilaren 25ean estreinatuko du 2023a Bandak Puntu kardinalak proposamenarekin. Bertan izango dira Samaniego Abesbatza, Gorka Hermosa akordeoiarekin eta Jose Luis Monton gitarrarekin. Martxoaren 1ean, berriro ere Luis Orduña izango da Gasteizko Banda zuzenduko duena Muga harmonikoak aurkezteko. Emanaldi horretan, Principal antzokiko agertokira igoko da Antonio Serrano harmonikarekin. Abonamenduko seigarren kontzertua emakume batek, Lara Diloyk, zuzenduko du eta Joaquin Diazen kolaborazioa izango du (tubarekin). Paperezko mugak lana martxoaren 15ean eskainiko dute.

Gasteizko Udal Musika Bandaren 2022-2023ko abonamendu-denboraldia maiatzaren 24an amaituko da. Orduñaren Migrazio-soinuak emanaldian Ander Perrinoren kontrabaxua izango da. Zazpi kontzertuetarako abonamenduak uztailaren 19an, asteartean, jarriko dituzte salgai 28 euroren truke, eta sarrera libreak irailaren 14tik aurrera egongo dira salgai 5 euroan. Principal antzokiko ikuskizunen salmentarako ohiko tokietan erosi ahal izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide