Esan gabekoak esateko

Anakoz Amenabar 2022ko uzt. 16a, 10:00

Pultseren formatua aurkeratu zuten, "erosoa eta dibertigarria" izateagatik. / Alea

Komunikatzeko baliagarri izan daitezkeen pultsera koloretsuak asmatu ditu Niño Jesus ikastetxeko Jesus Brea irakasleak hezkuntza behar bereziak dituzten haurren eta beren gertukoen bizitza erraztu nahian.

Gosea, haserrea, tutorea, komuna, jolastokia. Eguneroko ohiko hitzak traba izaten dira maiz ikasle askorentzat, eta komunikazioa errazteko beste pauso bat ematea erabaki dute Gasteizko Niño Jesus ikastetxean. Piktogramak dituzten pultseren bitartez, elkarrizketak erraztu nahi dizkiete haur horiei. Koloreko eskumutur deigarriekin, askotan esan gabe geratzen direnak esan, eta euren gogo, aldarte eta beharrak komunikatuko dituzte errazago.

Hori da, behintzat, Jaime Brea irakasleari bururatu zaiona, eta momentuz emaitza onak eman dituena. Hezkuntza behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten du, eta komunikatzeko orduan zerbait faltan botatzen zuen. "Gelan irudi pilo bat ditugu eta erraza da komunikazioa, baina hortik kanpo hutsune bat nabari nuen. Batez ere jolastokian edo eskola arteko tarteetan halako zerbait behar genuen". Nola hobetu zitekeen komunikazioa? Badira erlojuak antzeko funtzioa betetzen dutenak, baina zenbait aplikazio dituzte eta ez dira "erosoak" haurrentzat. Lepokoa ere baztertu dute guztientzako aproposa ez delako. "Pultserena erosoa eta dibertigarria zela ikusi genuen, irudiak jarri eta kentzeko modu arina duena, eta, garrantzitsuena dena, euren gustukoa".

"Gelan irudi pilo bat ditugu eta erraza da komunikazioa, baina hortik kanpo hutsune bat nabari nuen"

Jaime Brea

Downen sindromea, autismoa, gaitasun handiak edota eskizofrenia duten ikasleak %14 inguru dira ikastetxean, eta haiekin komunikatzeko "beste bultzada bat" behar zutela nabarmendu du Break. "Pultserak ez dira, noski, beraientzat bakarrik. Irakasle, familia, lagunek eta beste ikasleek ere jar ditzakete, eta komunikazioa errazagoa izango da denen artean". Beharren arabera, irudi bat edo beste aukeratuko dute. "Komunikatzeko aukera baldin badaukat egingo dut, bestela askotan esan gabe geratzen dira". Duela sei bat hilabete hasi ziren erabiltzen zenbait ikasle, eta lortutako emaitza pozgarria dela aitortu du. "Emaitza ikusita erabaki dugu patentea erregistratzea eta hemendik kanpo ere erabiltzeko aukera izatea".

Ikastetxeko zuzendari Dario Nasilli ere pozik dago pultserek izan duten harrera onarekin. "Askotan hitz egiten da berrikuntzaz hezkuntzan, eta, hain zuzen, honetaz, ari gara; ikasleen eguneroko baldintzak hobetuko dituzten pauso txiki hauek dira berrikuntza". Oraindik goiz da pultserek izango duten ibilbideaz hitz egiteko, baina zenbait ikastetxetatik interesa erakutsi dutela gogoratu du zuzendariak. "Gakoa da oso praktikoa dela eta komunikazioa errazten duela. Sinplea, baina eraginkorra da", nabarmendu du.

Dario Nasilli zuzendaria eta Jaime Brea irakaslea. / Alea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago