Bederatzigarrenez gelditu du grebak Mercedesen ekoizpena

Erredakzioa 2022ko uzt. 15a, 10:39

Gasteizko Mercedesen ekoizpena geldirik dago hirugarren egunez jarraian. / Hala Bedi

Asteleheneko bozketaren antolaketan "gardetasun falta" salatu du langile batzordeak.

Hirugarren egunez jarraian, Mercedesen ekoizpena geldirik dago; bederatzigarren greba eguna. ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebak %95eko jarraipena izan du gaur ere, Igor Gebara langile batzordeko presidenteak jakinarazi duenez. Joan den asteartean CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek osatutako gehiengo sindikalarekin hitzarmenari buruzko aurreakordioa lortu ondoren dator lanuzte hau ere; aurreakordio horrek ez zuen ELA, LAB eta ESKren babesik izan, eta grebei eustea erabaki zuten.

Astelehen honetan lortutako akordioa babesten duten ala ez erabaki beharko dute langileek. ELA, LAB eta ESK sindikatuek gogor kritikatu dute "kontsulta antolatzen" duena enpresa izatea, eta bozketa telematikoa izatea. Adierazi dute prozesua "ahalik eta gardenena eta bidezkoena" izaten saiatuko direla, nahiz eta "zaila" izan, eta ahal duen orori botoa ematera bertaratzeko eskatu diote. "Boto anonimoa bermatu behar da, eta enpresak erabaki du berak kudeatutako aplikazio baten bitartez egitea. Dena oso garden", salatu du langileen batzordeak ohar batean. 

Bozketa astelehenean egingo dute eta guztira 22 hautestontzi ezarriko dituzte. Langileek ordu batzuk izango dituzte lan-txanda bakoitzean botoa emateko, eta aurreikuspenen arabera, goizaldean jakingo da emaitza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago