Gizon bat atxilotu dute Gasteizen pertsona bat arma zuriz hiltzen saiatzeagatik

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 18:45

Iparraldeko Parkeko Urbina kalean izan da erasoa. / Argazkia: GOOGLE MAPS

Asteazken honetako eguerdian, gizon batek beste bati eraso egin dio lepoan arma zuri batekin, eta ihes egin du. Beranduago bere burua entregatu du, eta Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko homizidio saiakera egotzita.

14:00ak aldera, Gasteizko Iparraldeko Parkeko Urbina kalean, 41 urteko gizon batek ezagun bati eraso egin dio arma zuri batekin, eztabaida baten erdian; zehazki, laban batekin lepoan hainbat sastakada ematen saiatu da, eta gutxienez horietako batean lortu du. Segituan, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak bertaratu dira, eta biktima artatu dute, baina erasotzaileak ihes egin du.

Anbulantzia batek zauritua Santiago ospitalera eraman duen bitartean, ertzainak eta udaltzainak erasoaren ustezko egilearen bila hasi dira. Azkenean, bere bila ari zirela jakinda, 16:30ak aldera bere burua entregatu du Ertzaintzaren aurrean, eta atxilotu egin dute, ustezko homizidio saiakera egotzita.

Une honetan, atxilotua Lakuako ertzain-etxean dago, dagozkion eginbideak egiteko. Amaitutakoan, Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute. Bere aldetik, zauritua arriskuz kanpo dagoela jakinarazi du Segurtasun Sailak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide