Komun publiko bat jarriko dute Florida parkean

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 18:00

Komuna eraikitzeko lanak hasi dira egunotan. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Herritarren aspaldiko eskaerari erantzunez, Florida parkeak komun publiko berria izango du. Gasteizko Udalak dagoeneko ekin die zerbitzua instalatzeko lanei.

Gasteizek komun publiko berri bat izango du hiriaren erdialdean, Florida parkean. Horren bitartez, eta 66.638,79 euroko inbertsioa eginda, Gasteizko Agenda prozesu parte-hartzailearen bitartez herritarrek egindako eskaerari erantzun nahi dio Udalak.

Egunotan hasi dira azpiegitura hori instalatzeko obrak, eta lehenbiziko lanak WC modulua kokatuko den eremua egokitzeko izango dira. Instalazio berria komun autogarbitu, misto, irisgarri eta unibertsal bat izango da, eta modulu higienikoak hiru plazako kanpoko pixatoki bat izango du ere.

Udalak azpimarratu du hiriak dagoeneko baduela pixatoki publikoen sare bat: gaur egun, zortzi daude kaleetan (gehienak 24 orduko ordutegiarekin), eta, horrez gain, gizarte etxeetan beste hamalau puntu daude. Florida parkeko instalazioaz gain, Mugikortasun eta Espazio Publikoaren Sailak beste hiru jarriko ditu datozen hilabeteetan hiriburuko hainbat puntutan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide