Jazzaldiko erretratuen mosaikoa osatu du Javier de la Torrek

Erredakzioa 2022ko uztailaren 9a

Hiromi Uehara piano-jolearen erretratua. / Vital Fundazioa

Vital Fundazioaren aretoan ikus daiteke 'Jazz' erakusketa, hilaren 31ra arte.

Gasteiz jazz erritmoan da egunotan, eta nazioarteko jaialdiaren osagarri moduan Vital Fundazioak Jazz erakusketa aurkeztu du. Erakusketa hilaren 31ra arte egongo da ikusgai Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan, eta Javier de la Torre artistaren mosaiko sorta bat biltzen du.

Mosaiko horietan jazz munduko musikariak eta pertsona ospetsuak erretratatu ditu. "Konposizioek argiak modulatutako une zehatza atzematen dute, banaka sentitzeko jaiotako melodia ezberdinak sortuz. Koloreen eta formen antolaketak obra behar bezalakoa dela sentitzera garamatza, eta ikusleak argiaren islarekin jolastuko du bere melodia propioa sortuz", azaldu du artistak.

Erakusketaren azken egunean, uztailaren 31n, artistak berak bisita gidatua egingo du bere lanez osatutako erakusketatik. 12:00etan hasiko da eta parte hartu nahi dutenek www.fundacionvital.eus webgunean eman behar dute izena. Erakusketa Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera 10:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago