Chema Madozen 'Gauzen natura' aurkeztu du Amarikak

Erredakzioa 2022ko uztailaren 8a

Irailaren 25era arte izango da erakusketa, Amarika aretoa. / AFA

Zuri-beltzeko 54 argazki dituen bilduma aurkeztu du; irailaren 25era arte izango da.

Amarika aretoak Chema Madoz argazkilari madrildarraren Gauzen natura erakusketa aurkeztu du, zuri-beltzeko 54 argazki dituen bilduma. Irailaren 25era arte bisitatu ahal izango da.

Erakusketako argazki guztiak izenbururik gabekoak dira, 1982tik 2016ra bitartean egindakoak, eta zuri-beltzean kopiatuta daude, paper baritatu baten gainean. Chema Madozen lanak eguneroko bizitzako objektuetan ezkutatutako alderdiak erakusten ditu, eta mundua hobeto ulertzeko leiho bat eskaintzen du.

Reina Sofía Arte Museo Nazionalak atzera begirako lana egin zion Espainiako lehen argazkilaria izan da. Bere ibilbide artistikoa 1990ean hasi zen, Irudiaren Irakaskuntza Zentrotik igaro ondoren. Erakusketa askotan parte hartu du, bai estatuan, bai nazioartean, eta bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kodak Saria (1991), Argazkigintzako Sari Nazionala (2000), Photo España Saria (2000) edota Bartolome Ros Saria (2010).

Naturarekin jolasean

Ohiko sailkapenetatik at, Chema Madozek naturaren arauak iraultzen ditu, bere irudimena aske utzita. Bere fantasia hedatzen du, eta animalia, landare eta mineral erreinuak elkartuta erreinu propio bat sortzen du, non hostoak, adarrak, hodeiak, zurak, landareak, loreak edo harriak eraldatzen dituen eta ustekabeko konbinazioak eskaini. Batzuetan naturako elementuen zeregina aldatuz egiten du eta, beste batzuetan, ezohiko elkarketak eginez edo antzekotasunarekin jolastuz.

Chema Madozen 54 argazki ikus daitezke Amarika aretoan. / AFA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago