Umbra Light Festival jaialdia 2023ko otsailean itzuliko da Gasteizera

Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 12:45
Umbra Light Festival jaialdiaren aurkezpena, Probintzia plazan. / Argazkia: AFA

Datorren urteko otsailaren 9tik 11ra, Enpatia goiburupean ospatuko da Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioa, argia eta artea Gasteizko plaza, eraikin eta toki enblematikoenetara eramateko.

Arabako hiriburuak argien artearekin topo egingo du berriz ere 2023ko otsailaren 9tik 11ra bitartean, ostegunetik larunbatera, Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioari esker. Oraingoan, Enpatia izango da jaialdiaren goiburua, eskultura, proiekzio eta instalazio guztien arteko lokarri gisa, Gasteizko plaza, eraikin eta toki enblematikoenak argiz zipriztintzeko.

Hiriaren turismorako garrantzi handia duen jaialdi honen hurrengo edizioaren data eta lehenengo xehetasunak iragarri dituzte gaur, Probintzia plazan eskainitako prentsaurreko batean: bertan izan dira Maider Etxebarria alkateorde eta Ekonomia eta Turismoa Sustatzeko zinegotzia, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua, Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboa, eta Carlos Torrijos jaialdiaren zuzendaria.

Gasteizko Udalak, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta hainbat enpresa pribatuk sustatutako jaialdiaren hirugarren edizio honen ekoizpen prozesua 2022ko urtarrilean hasi zen, eta azken lanetako bat izan da harrera ona izan duten artistei zuzendutako proposamenen deialdia garatzea: bost kontinenteetatik iritsitako 226 proposamen jaso dituzte, 2021eko deialdian baino %32 gehiago.

Azken edizioan, 2021eko azaroan, 107.000 pertsona baino gehiago bildu zituen argi jaialdiak, eta hotelen okupazioa %95era iritsi zen. 2019an 84.000 ikusle izan ziren, hotelen %78ko okupazioarekin. Hortaz, "handitzen ari den jaialdi bat" dela azpimarratu du Etxeberriak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide