Dena prest igandeko Ironman lasterketarako atzera-kontaketan

Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 09:30

Helmuga-gunea prest Plaza Berrian; eta 'Finisher' kamiseta eta domina. / ALEA

Igande honetan, uztailaren 10ean, Gasteizera itzuliko da Ironman triatloi lasterketa. Aurtengo edizioko Finisher kamiseta eta domina aurkeztu dituzte, "green" ukituarekin.

Hiru egun barru, nazioarteko 2.500 triatleta bilduko dira Gasteizko Ironman lasterketan. Udalak eta probaren antolatzaileek aurtengo edizioko Finisher kamiseta eta domina aurkeztu dituzte, "green" logo berri batekin, hiriaren balio jasangarriak balioan jartzeko: "Hiri honek duela urte askotik kirolaren aldeko eta Ironmanaren moduko lehen mailako kirol ekitaldiak ekartzeko apustua egiten du; hiriak dena ematen du, eta gasteiztarrok kirolarekin guztia ematen dugu", azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Igandeko lasterketaren lehen zatia igeriketakoa izango da: Uribarri-Ganboa urtegian 3,8 kilometro egin beharko dituzte igerian.

Ondoren, bizikleta hartu eta 180,2 kilometro egingo dituzte horren gainean, hiriburuaren inguruan dauden herriak zeharkatzen dituen zirkuituari hiru itzuli emanez, eta, tarte batean, Done Jakue Bidearen zati bat eginez.

Proba amaitzeko, 42,2 kilometroko maratoia egin beharko dute korrika, Gasteizko erdigunean, Erdi Aroko hirigunearen inguruan, Plaza Berriko helmugara iritsi aurretik.

Maila goreneko kirol ekitaldi honetan parte hartzeko izena eman dute dagoeneko 2.500 triatletak, eta atzerriko presentzia handia izango da aurten. Kirolari horietako batzuek urrian Kailua-Konan (Hawaii) jokatuko den Ironman probaren munduko txapelketarako plazak eskuratuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide