Urrats garrantzitsua eman du Adifek Gasteizen AHTa lurperatzeko bidean; garrantzitsuena 2019ko udan informazio azterlana argitaratu zuenetik —gaur egun, oraindik onetsi gabe dagoena—.
Izan ere, trenbidea hirigunean integratzeko oinarrizko proiektuaren, Dato kaleko etorkizuneko geltokiaren eta Arkautiko korapiloaren inguruko azterlana Sener enpresari esleitu dio gaur, 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin eta bi urteko epearekin. Horrela, dokumentua 2024ko udarako prest egongo litzateke.
Proiektuaren barruan, lau lotura zehaztuko dira Gasteizekin: Burgos, Bilbo-Donostia, Altsasu-Iruñea eta Madril-Hendaia lineekin.
Gainera, aurreproiektuaren jarduera eremuak 7,4 kilometro inguru izango ditu: zehazki, Krispijanatik hurbil hasiko da, Jundizko terminalaren ondotik igaroko da, Gasteiz zeharkatuko du, eta Arkauti eta Arratzua-Ubarrundiako lurretara abiatuko da.
Hurrengo urratsak eraikuntza proiektua idaztea eta obra bera lizitatzea izango lirateke. Hala ere, lehenago alegazioak ebatzi eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin beharko dute.