Valladoliden hildako guardia zibila gasteiztarra zen

Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 16:00
Pedro Alfonso Casado Guardia Zibilaren teniente koronela. / Argazkia: @GuardiaCivil

Pedro Alfonso Casado teniente koronela Valladoliden zauritu zuten ostiralean buruan tiro bat emanda, eta gaur hil egin da. Gasteizen jaiotakoa zen eta 25 urte zeramatzan Guardia Zibilean, besteak beste ETAren aurkako operazioetan parte hartzen.

Joan den ostiralean, Santovenia de Pisuergan (Valladolid), tiroketa bat jazo zen Guardia Zibilaren eta bizilagun bat hil ondoren gotortu zen gizon baten artean. Pedro Alfonso Casado teniente koronela, operazioaren arduraduna, negoziatzaile lanetan aritu zen, bahitutako beste pertsona bat askatzeko.

Gertakarien erdian, 22 kalibreko errifle batekin emandako tiro batek kaskoa zeharkatu eta buruan zauritu zuen. Larriki zaurituta, urgentziazko ebakuntza egin zioten, eta gaur arte ospitaleratuta izan da Valladolideko Ospitale Klinikoan. Astearte honetan hil egin da.

50 urteko guardia zibila, Perico ezizenarekin ezaguna, Gasteizen jaio zen 1972an, baina jaio eta gutxira bere familiarekin Sahagunera (Leon) joan zen bizitzera. 25 urteko ibilbidea zuen Guardia Zibilaren elite-unitateetan. Zaragozako Akademiatik 1998an atera zen, eta hurrengo urtean Landa Ekintzako Taldeetan (GAR) hasi zen. Urtebete geroago, GEOen baliokide den Esku-hartze Unitate Berezian (UEI) sartu zen. Bi hamarkada eta erdi hauetan, besteak beste, ETAren aurkako operazioetan parte hartu zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide