4.000 haur baino gehiago igaro dira Udako Haur Parketik

Erredakzioa 2022ko uzt. 5a, 12:30

Ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean, Zabalgana auzoan izan da lehen aldiz Udako Haur Parkea. 4.000 haur inguruk parte hartu dute askotariko jardueratan.

Lehen aldiz, 14 urte arteko haurrentzako aisialdia, animazioa eta kultur zein kirol jarduerak eskaini ditu Gasteizko Udako Haur Parkeak, Zabalgana Hiribidearen eta Eskibel Pasalekuaren artean dagoen parkean. Ekainaren 24an, ostiralean, ireki zituen ateak, eta igande honetako, uztailaren 3ko, eguerdira arte izan da martxan.

Alde batetik, 4 urte arteko umeentzako Txikilandia eremuan puzgarriak, txirristak, zabuak, moto zein autoen zirkuituak, ludoteka eta psikomotrizitate eremua izan dira, besteak beste, baita margotzeko, plastilinarekin jolasteko eta maskarak egiteko tailerrak ere; bi urtetik gorakoak, gainera, Multi Circus trenean igo ahal izan dira.

Bestalde, 5 eta 14 urte bitarteko haurrek puzgarri eta atrakzio asko izan dituzte: Oihan Abentura pista handia, pista konpaktua, zezen mekanikoa eta Safari Trena, besteak beste. Horrez gain, arku-tiroa, perkusioa, clown, birziklapena, txapak eta kometak lantzeko tailerrak eta pirata tailerra izan dituzte.

Sei urtetik gorakoek esgrima tailer eta erakustaldi batean parte hartzeko aukera izan dute ere, Saarvi taldearen eskutik. Halaber, Goalball kirolean jolasten ikasteko tailerra eman du ikusteko desgaitasuna duten pertsonen Itxaropena elkarteak.

Gainera, haur guztientzat aurpegiak margotzeko eta ileko txirikordak egiteko postua egon da.

Kultur eskaintzari dagokionez, Udako Haur Parkeko karpa batean, publiko guztientzako ikuskizunak izan dira egunero 18:00etatik aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide