Bi urteren ostean, pandemiaren eragin nabarmenenak atzean utzita ere, inflazioa eta energiaren prezioaren gorakada markatzen ari dira lan merkatuaren bilakaera. Egoera horretan, uda iristearekin batera historikoki baino enplegu gutxiago sortu diren arren, pandemia iritsi aurreko datuetara itzuli da Araba aurtengo ekainean.
Gaur egun, Arabako 19.325 pertsona daude langabezian, enplegurik gabe Lanbiden erregistratuta; maiatzean baino 72 gutxiago (-%0,37), eta 2021ean baino 958 gutxiago (-%4,72). Horietatik 7.888 gizonak dira eta 11.437 emakumeak; eta 1.487 dira 25 urtetik beherakoak. 2020ko otsailean, 19.339 lagun zeuden langabezian.
Bestalde, aurtengo ekainean 15.154 kontratu sinatu dira, iazko hilabete berean baino 1.120 gutxiago (-%6,88); horietatik, 3.848 kontratu mugagabeak izan dira, eta 11.306 aldi baterakoak.
Bitartean, Araban 4.491 pertsona langabezia kobratzen ari dira, 2.943 subsidioa eta 333 laneratzeko errenta aktiboa. Sektoreei dagokienez, Arabako langabetuen artean 660 nekazariak dira, 2.110 industriako langileak, 994 eraikuntzako beharginak eta 12.851 zerbitzuen sektoreko langileak; horrez gain, 2.710 lagun beren lehenengo enpleguaren bila daude.