Tana Garrido, Izaro Ieregi, Miren Edurne Herran eta Zigor Urrutiaren lanak hartuko ditu Montehermosok

Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 13:41
Edurne Herranen erretratua. / E. Herran

2022ko Proiektu Artistikoen deialdian hautatu dituzte, 28 proiekturen artean.

2022ko Proiektu Artistikoen deialdian hautatu dituzten artistak jakinarazi ditu Montehermoso kulturunean, 2023an ikusi ahal izango direnak: Tana Garridoren La Casa modelo, Izaro Ieregiren Yegua, manca y zurda, Miren Edurne Herranen Social (t)issues, eta Zigor Urrutiaren Babel (de la torre a Google).

"Programa honekin tokiko artisten proiektuen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzen dugu, eta horien bidez arte garaikidearen arloan dauden hizkera eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horien inguruan gogoeta egiten da",adierazi du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.

Proposamena deialdi irekiaren bidez egituratzen da, eta epaimahai adituak hautatzen ditu lanak. Hautatutako lan horiek 6.000 euroko laguntza ekonomikoa eta katalogoa egiteko aukera jasotzen dute. Aurtengo edizioan, 28 proiektu jaso dira. Batzordea Maria Ptqk arte-komisarioak eta kultur ikerlariak, Garazi Ansa EHUko Artearen Historiako irakasleak eta Luis Mª Pascual Monterhermoso kulturuneko zuzendaritzako kideak osatu dute, Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotziaren ordezkaritzan.

Artistak 

Tania Garridoren lana arte garaikidearen, dokumentalaren eta kultur dinamizazioaren artean mugitzen da. Egun, emakumeek egindako film laburren Bendita Tú jaialdiko programatzailea eta fundatzailea da (Buenos Aires-Madril-Bilbo) eta Edinburgoko Iberodocs Iberoamerikako zinema dokumentaleko jaialdia programatu du.

Izaro Ieregi Arte Ederretan lizentziatua da EHUn eta artearen sorkuntza eta ikerketako masterra du. Bilboko Okela espazio independenteko artista eta bazkide sortzailea ere bada. Hainbat erakusketatan hartu du parte, bai banaka, bai taldean. 2018an bigarren Ertibil saria jaso zuen eta 2019an hirugarrena.

Miren Edurne Herranek Gasteizen eta Berlinen bizi eta egiten du lan. Bere lanek lotura zuzena dute egunerokotasunarekin, topaketarekin eta norbanakoen arteko komunikazioarekin. Hainbat beka eta sorkuntza-sari jaso ditu eta bere lanak, besteak beste, Artiumen, Frankfurteko Komunikazioaren Museoan eta estatuko eta nazioarteko galeria eta erakunde ugaritan egon dira.

Zigor Urrutia Arte Ederretan lizentziatua da. Banakako eta taldekako erakusketetan hartu du parte Bilbon, Gasteizen, Donostian, Madrilen edo Valentzian. Egun, hainbat aldizkari espezializatutako arte zuzendaria da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide