Judimendi adinekoen zentro soziokultural berri baten alde

Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 13:30
Ekainaren 9an ekin zioten sinadura bilketari. / Argazkia: JUDIMENDIKOAK

1.300 sinadura bildu dituzte Judimendikoak auzo elkarteak eta Batuta Elkartasun Sareak, auzoarentzako adinekoen zentro soziokultural duin bat eskatzeko, gaur egungoa "ahalik eta epe laburrenean" birkokatuz.

5.000 biztanle inguru ditu Judimendik, eta auzo elkarteak eta Batuta Elkartasun Sareak diote "premiazkoa" dela auzo zahartu batean adinekoen zentroari "irisgarritasuna, espazioa, zerbitzuak eta jarduerak" ematea —jantokia, podologoa, irakurketa gela, ile-apaindegia...—, eta horretarako beharrezkoa dela gaur egungo Bizan zentroa birlokalizatzea.

Helburu horrekin, sinadura bilketa bat abiatu zuten ekainaren 9an, eta joan den asteburuan amaitutzat eman dute, auzoko jaiekin batera. Gaia ezagutaraztea helburu izan duen kanpainaren "arrakasta" azpimarratzearekin batera (1.300 sinadura bildu dituzte bi asteko epean), bizilagunen eskaera udaleko eztabaida politikoaren mahai gainean jartzea lortu dutela nabarmendu dute.

Izan ere, ekainaren 27ko Gizarte Gaietako Batzordean, oposizioko taldeek gaiari buruz galdetu zioten udal gobernuari.

Hiru eskakizun

Orain, "30 urteko promesen ostean", Judimendikoak auzo elkarteak eta Batuta sareak hiru eskaera nagusi helarazi dizkiote Udalari: lehenik eta behin, zentro soziokulturala birkokatzeari ekitea "atzerapenik gabe"; bigarrenik, proiektuari "denbora eta forma egokian" lehenestea, auzoko beste jarduketa batzuen gainetik; eta, azkenik, 2023ko aurrekontuetan proiektuarentzako partida bat bideratzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide