Artea Sahararen espoliazioaren aurka

Erredakzioa 2022ko uztailaren 1a

Horma-irudia egin dute Zaramaga auzoko eraikin batean. / Argazkia: SEADen LAGUNAK

Gasteizko saharar komunitateak Artea espoliazioaren aurka horma-irudia inauguratu du Zaramaga auzoan.

Ostegun honetan, hilaren 30ean, Artea espoliazioaren aurka proiektuaren barruan egindako horma-irudiaren inaugurazio ofiziala egin du Gasteizko saharar komunitateak, Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin.

Horma-irudia Zaramagako Mendoza kaleko 17. zenbakian egin dute, eta aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotzia, Ainhoa Campo Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Mohamed Liman Mohamed Ali Fronte Polisarioaren ordezkaria eta Jadiyetu El Mothar ordezkari berria.

Haiekin izan dira proiektuan parte hartu duten boluntarioak, auzoko bizilagunak, Sahararekin kolaboratzen duten hainbat elkartetako ordezkariak eta saharar komunitateko hainbat kide.

SEADen Lagunen Elkarteko ordezkariek azaldu dute proiektuaren helburua Sahararen baliabide naturalen espoliazioa salatzea dela, eta egindako lanaren zein horma-irudiaren esanahia eta nondik norakoak azaldu dituzte. Amaitzeko, Fronte Polisarioko bi ordezkarik eta Gorka Urtaran alkateak hartu dute hitza, lankidetzaren garrantzia azpimarratuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago