ADRA zentroaren itxierak migratzaileen eskubideak urratzen dituela salatu dute

Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 11:30
Manifestazioa egin dute ostegun honetan ADRAko ikasleek. / Argazkia: YAIZA CUESTA

Dozenaka lagunek protesta egin dute ostegun honetan herritar migratzaileen integraziorako bitartekoak eskaintzen dituen ADRA zentroa uztailean itxiko dutelako. "Konpromiso politikoa" eta baliabide ekonomikoak eskatu dizkiete erakundeei.

Gasteizen hogei urteko ibilbidea duen elkartea da ADRA. Besteak beste, tokiko hizkuntzen ikaskuntzan laguntza, enplegurako prestakuntza eta bitartekotza eta euskal gizartean integratzeko tresnak eskaintzen dizkie herritar iritsi berriei. Horrekin batera, zaintza arloko lan-poltsak ere kudeatu dituzte, migratzaileen gizarteratzeari eta, aldi berean, zainketa beharrak dituzten familiei lagunduz, baita nazionalitatea lortzeko izapideetan eta nazionalitate azterketetarako prestaketetan orientazioa eman ere.

Bi hamarkada hauetan, 76 jatorritako 9.000 pertsona baino gehiago igaro dira zentrotik. "ADRAko langileek mundu guztiari arreta emateko ezinezkoa dena egiten badute ere, pertsona batzuk ikastaroetatik eta eskoletatik kanpo geratzen dira, eskaera handia dutelako eta beste baliabide alternatiborik ez dutelako", azaldu dute zentroko ikasleek, plazaratutako ohar batean.

"Zerbitzu horiek guztiak doakoak dira, eta, horregatik, erakundeen laguntza behar da guztiontzat eskuragarri egon daitezen. Hala ere, administrazio publikoaren aldetik hutsune handia nabari dugu, ez baitio behar besteko babes ekonomikorik eskaintzen hirian ezinbestekoa den erakunde horri".

Hala eta guztiz ere, ADRAk ateak itxiko ditu uztailean, eta ehunka gasteiztar arretarik gabe eta alternatibarik gabe geldituko dira. Ostegun honetan horren aurka protesta egin dute zentroko dozenaka ikaslek, langilek eta gertuko herritarrek, itxiera "migratzaileentzat bidegabekeria bat" dela salatzeko. "Laguntzarik gabe geratuko gara gainerako herritarren eskubide berberekin gozatzeko", kritikatu dute.

"Ikasleok ez dugu ulertzen nola uzten den hiltzen horrelako proiektu bat, eta oso atsekabetuta gaude administrazioak erakutsitako axolagabekeriarekin, haren lehentasunen artean ez baikaude. Horregatik, konpromiso politiko ausarta eskatzen dugu, hiriko gizarte erakundeei baliabide ekonomikoak emango dizkiena eta migratutako herritarren eskubideak urratuko ez dituena", aldarrikatu dute..

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide